Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
JOANNES DE ETXANIZEN BALADA
(1990)
TCHAIKOVSKIREN PATETIKA
(1993)
BEDERATZIGARREN KANTA, I
(1999)
PARADISU GALDUARENA
Patxi Ezkiaga , 1984
Hasierara itzuli nahi dut,
Jainkoak gizonak
ilargi eta eguzkizko seaskan
kulunkatzen zituen
aurreneko egunetara.
Bizitzara itzuli nahi dut,
adjetiborik gabe
gizona gizon hutsa
zen ilusioetako une
galdu izkutuetara.
Poesiara itzuli nahi dut,
antzineko begi urdinen
garbitasun gardenera,
oihu eta marru egiten ziren
misterizko desioetara.
Sinpleziara itzuli nahi dut,
kredo, teoria eta ideologiarik
gabeko aire, su eta urezko
paradisu zaharrean
galdutako lurretara.
Haragira itzuli nahi dut,
osotasun hilezkorra den
izate betera,
sofismarik gabe maita dezakedan
amodio garbi, sortzailera.
Bustinera itzuli nahi dut,
definitzen eta mugatzen gaituzten
uste hestu eta tristerik
gabeko lehenengo udazkeneko
izan nahi nukeen gizonarengana.
© Patxi Ezkiaga