Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HILBERRIKO IZPIRITUA
(1999)
IBAIAN BEHERA
(2003)
PROUSTITUTA
(2003)
DEUSEZA, ELIKAGAI
(2010)
OTEIZAREN EBANJELIOTIK
(2010)
HUTSUNEAREN HATSA
(2010)
CREDO IN LUCEM AETERNAM
(2010)
ITZALAREN SAKONEAN
Pello Otxoteko , 2001
Ez dut aurkitzen ene arrastoa estratetan zehar,
ez dut nabaritzen ene lorratza ontzi atzean,
ez dut igartzen ene gogoa bidean gora,
eta bidexidorrik ez da
bidegurutzez jositako andabide luzean,
bizitza deituriko ildo sakonean,
helbururik gabe,
dena zuzen.
Eta izarren argi-puntuak lotuz
ez ditut ene ahurraren ildoek
xerkatzen dituzten ibiltokiak aurkitzen,
baina badakit izan badirela
eta eskuragarriak dira,
kurba mirakulutsuen sekretua
ez baita inola ere sakratua.
Mapetako kuadrikuletan
ez ditut kausitzen
arbolen adarrak gurutzatzean
sortzen diren sare magikoen irteerak.
Ez da beharrezkoa
itzala ebakitzea
argia ikusteko.
ltzala, urradura txikiz
zarrastatu beharra dago,
izpien estratak dastatzeko.
Ate gehiago badago
eta mundu honetan daude.
Ez dut aurkitzen ene arrastoa estratetan barrena,
ez dut nabaritzen ene lorratza ontzi atzean,
ez dut igartzen ene gogoa bidean gora,
eta nodo hautsirik ez dago
atsekabez jositako sare iraunkorrean,
bizitzaren madarikazioz pairaturiko
nor-izate honen bataioa,
kondenaturik dugun
faltsukeriazko saioa.
Islen mundura
ginen sortu,
islen munduan
ginen etorri,
islen arnasaz
gara bizi,
islen begitan
gara izan.
Ezerezean deuseza gara,
ispiluen artean
ez baita ezer sortzen,
kirtenkeriaren biderkadura baizik.
Kardilaun nahi nuke izan
lorratzik ez uzteko,
biderik ez jarraitzeko,
argiari zeharrargitsu izan
eta itzalik ez sortu.
© Pello Otxoteko