A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

HILBERRIKO IZPIRITUA
      (1999)

ITZALAREN SAKONEAN
      (2001)

PROUSTITUTA
      (2003)

DEUSEZA, ELIKAGAI
      (2010)

OTEIZAREN EBANJELIOTIK
      (2010)

HUTSUNEAREN HATSA
      (2010)

CREDO IN LUCEM AETERNAM
      (2010)

  literaturaren zubitegia  

 

IBAIAN BEHERA

        Pello Otxoteko , 2003

 

 

Bizikletan joaten den postaria

nahi nuke izan

eta izarren hautsa

munduko barrunbe guztietan eman.

Baina sarri askotan

ateak itxiak daude

eta alogerekoa lotan.

Erruz itxaron behar atearen aurrean.

Erruz itxaron behar bizitzaren horretan.

 

Errealitate hau itxaronaldia da,

eta itxaronaldi honetan

pausoka irekiz goaz gure begiak.

Itxaronaldia bizitza honetan

larritasun bilakatzen da,

 

larritasunezko ibai bizi eta aldakorrean.

Asegaitz, ibaian goaz,

igeriketa azkar eta gogorra

itxaronaldi luzea besterik ez delarik,

ur-jauzi bukaerakora

garamatzan itxaronaldia.

 

Eta ur-jauziaren hurbilean

hausturaren zirtek

aurpegian jasorik

ziurtatuko digute erorketaren bidea,

altueraren luzera norainokoa den

inoiz argitu gabe.

 

Bizikletan joaten den postaria

gaur zaigu galdu

eta izarren hautsa jada

ezin da zabaldu.

Ez ditugu gehiago

ateak itxirik aurkituko

 

eta etxetiarrak itzarririk dira egongo.

Erruz damutu behar luzaroan itxaroten.

Erruz atsekabetu behar ezezagunaz galdetzen.

 

Esango al zenioke

ur-jauzitik libratu

eta lizar-hosto berdean

zintzilikaturik geratu den ur-tantari,

azkenean, nola edo hala,

ur-jauzian doazen tanta guztien

helmuga berbera izango duela?

 

Nolatan atxiki Eguzki izpiak?

Nolatan eskegi lurrunaren hats berotan?

Amets egin dezagun hego zabalik

amets egin dezagun gogoz beterik,

haizea dastatu argi pirrintan

eta apaltasunaren soseguz

printza bihurtu

negu minean,

arratsa den

ibai erriberako alde honetan.

 

© Pello Otxoteko    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko