Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HILBERRIKO IZPIRITUA
(1999)
ITZALAREN SAKONEAN
(2001)
IBAIAN BEHERA
(2003)
DEUSEZA, ELIKAGAI
(2010)
OTEIZAREN EBANJELIOTIK
(2010)
HUTSUNEAREN HATSA
(2010)
CREDO IN LUCEM AETERNAM
(2010)
PROUSTITUTA
Pello Otxoteko , 2003
Neroni zelebratzen naiz
eta neure burua dut kantatzen,
eta zuri ere kantari ari natzaizu
neskatila liraina
neskatila xarmanta.
Jatorrietara nator atzera
genesi matrizialera
kreazioaren uterora
zerizanaren barne-muinera
zeure kaliza sakratura.
Horregatik,
zapata gorriko neskatila,
zapata gorriko neskatilaren bila
nabilen guztietan
neroni zelebratzen naiz,
eta neure burua dut kantatzen
edertasunaren poza goraipatuz.
Krisalidaren xarmak
etsipenean amilduriko arnasa
berratxikitzen dugunean soilik
gaitu txundituko.
Eta Eguzkiren sutargiak
hodeiertzean berantetsi baino lehen
lausoa digu kenduko
eulien zurrunbilo kiribilduan
kantu alegera toparaziz.
Neroni zelebratzen naiz
eta neure burua dut alaitzen,
eta geure burua dugu kantatzen
izpiritu garbiak goraipatzen ditugun orotan
Ez dakit zure izena,
agian,
Lucy edo Lulu,
baina neuretzat Roxeanne izan zinen.
«La petite morte» zer den
erakutsi zenidan,
inoiz baino sutsuago
niri bizia barneratuz eta igorriz.
Orain
hortxe zaude
beti bezain ttiki
kalean hotzak hiltzen.
Zeure buruari itaun eginez,
iragan denborari buruzko
erantzunen bila.
Arnasa galduaren ondarea
non gorde ote daitekeen galdezka
zeruari orroak jaurtikiz.
Arimaren gatazka
esperantzaren agoran
libratu beharra dago.
Baina askatasuna
esperantza oro galtzen denean
lortzen da,
eta zeure begirada lausotuan
esperantza printzak
dira nagusi.
Vestale korroitua,
lugorrian utzitako izpiritu garbia,
izaraz zauritutako argia,
zamaz zulatutako gorputz ahitua.
Ezgai ziren esploratzaileek
hiletsitako arkanoa,
zeure baitan gorderik duzu
urrezko ardi-larrua.
Oi, zelebratzen naiz
zutaz gogoratzen naizen bakoitzean!
Oi, zelebratzen naiz,
eta donetsi mirespenez
zu ezagutu zintudan eguna!
© Pello Otxoteko