ALAIZAKO ZALDUNAK
Pello Zabaleta , 1992
Intzentsu lurruna itsatsirik daukate
gerrarako zaldun prestuek saetera barnetan
gerra izan da beti
soldaduaren zeregin
monje bakartiaren amets
nola ezarriko horma zabarrean hainbeste edertasun
gizaldien ezkutuan okrea delarik nagusi
argiari bideak hertsi eta ireki
apenas atera berriak oraindik arbasoen kobatik
abside borobilera
zer dira hegazti horiek
gudarien oinetara jarriak
bakearen usoak ez dira
gerrako arranoak ez dira
oparigai ez dira
zer dira hegazti horiek
gudarien oinetara jarriak
bide ertzeko elizatxora jasoak daude oroimenak
ahantziak erretaularen ostean mendetan
oroimen halere hormako
zaldun eta dama eta hegazti
saindutegiak sainduak
intzentsu lurrunez sagaratuak ezkutuan.
Gudari hilotzari ez diote negarrik gazteluko dama galaiek
bizitzako zaldun-gudu zitalean hiltzea baita patua
etsaia norbera denean urrunera joan gabe,
hertsi dizkiote begiak, tolestatu armak,
alferrik zaizkio galaitasunak eta malkoak,
lau zuziren argi beltza dabil betiere zuriaren xerka hutsalean
egizu argi hemen
aurpegia dauka beluri
zaldun hil bipilak
kriseilua zegoen lekuan
nor garaitu ote du zaldunak abside hutsera jaso dezaten
nork hil du zalduna dolua egin diezaioten festakiro.
© Pello Zabaleta