A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

NORTEKO TRENBIDEARI
      (1931)

  literaturaren zubitegia  

 

ANTXOKO HUELGA

        Jose Manuel Lujanbio, Txirrita , 1919

 

 

Mila bederatzi ehun kunplitu eta hemeratzigarren urtean,

huelga baten bidez okertu gera Antxoko partean;

buruzagia balitz bezela oiartzuarren tartean,

guri bengantzan hasi zerate oso gorroto fuertean;

beti gogoan izango degu bizirik geran artean.

 

Bertso berriak jartzera noa, nahi dituanak ikasi,

asuntu hori onratu gabe ezin nezake nik utzi;

oiartzuarrak Antxo aldean ez gaituzte nahi ikusi,

txori batzuek joan diralako kaiolatikan igesi,

langileari burla eginaz alperrak daude nagusi.

 

Huelga hortan eskatu ziran lau kondizio berriak,

bainan ez ziran horko maisuak Oiartzundik etorriak;

iduritzen zat ote gauden gu libru berdean jarriak,

lehenago alde genituanak kontra ditugu erdiak,

artzai gaiztuak diran tokian pagatutzen du ardiak.

 

Portu hartako kontratista bat gizona balientea,

Goiarritikan etorria da, euskaldun korrientea;

urte batzuak baditu baina gorputza dauka tentea;

oiartzuarrak badadukagu horrentzat borondatea,

San Estebanez fiesta da eta nahiko genduke joatea.

 

Oiartzuarrak ez diote egin jaun horri ustez gaitzikan,

zentruak esan digun legera errenditzea baizikan;

beraren kontra ez degu esan tokatzen ez dan hitzikan,

pasa diranak esplikatzeko ez dadukagu lotsikan,

begiak balak baldin balitu tirako luke pozikan.

 

Mualla hortako kapataz batek propina asko hartzen du,

berari zerbait eman ezkero lanean azkar sartzen du;

neronek ez det ikusi baino jendea prankok esan du,

erregaliak izugarriak nola dituen izandu;

badauka zeinek gobernatua nahi balin badu gizendu.

 

Inbusteruak ez izatea degu guretzat kaltean,

gizona zail da ezagututzen pruebak ikusi artean;

«Tori oiloa! —esanaz joan zan aurreko egun batean—;

ardo-puska bat ez da paltako horren iztarrak artean».

Lana aguro agindu zion sartu zanean atean.

 

Inoiz suertez jartzen bazaizkit gizon horiek aurrean,

alde artara begiratzen det triste ta gogo txarrean;

zenbait nahigabe sufritzen degun bizi geranak lurrean,

ardi gaiztoak pagotxa jaten, onak goseak larrean,

gauz hori bera pasa zitzaigun Karlosen gerra zaharrean.

 

Leku askotan ikasi dute Antxoko jornalen berri,

ta berak ere adierazten hor dabiltza herriz herri;

Irundik eta Hondarrabitik jende asko da etorri,

beste batzuak abisatuta Goiarritikan ekarri;

hemen dagona ez da besterik: bengatu nahia elkarri.

 

Zelebria da gizon batzuak egin duten ajustia,

lantegi horren segurantzia ez dute gutxi kostia;

gero 're hoiek ez da komeni edozein modu uztia,

oiloarekin etorri zan bat, solomuakin bestia;

nik ere pozik jango nituke, jenero txarrak ez di'a.

 

Nola presari eragin eta pasatzen dan ugaldia,

hala berean kanpotarrakin bete da Antxo aldia;

gu lanik gabe honla uzteko hoiek zeukaten zalia,

hau da batere hasarre gabe egiten degun galdia:

oiartzuarrak bestiak baņo eskasaguak al di'a?

 

Miseriarik ez dadukagu edanean ta janean,

gure gorputzak hargatik daude honen estadu onean;

estimatuak izaten ginan besterikan ez zanean,

orduan bainan eskasaguak orain ez gaude lanean;

edozein burla egiten dute komenentzia danean.

 

Usteko zuen horren kontuak ez ditugula jakindu,

bestiak baino aldrebesago hutsa ikusi bagindu;

gure kuadrila hasarre dago, askok bihotzean min du;

zaharrak etxean geldi daudela besteri lana agindu,

Pasai San Joango oilojaleak azio txarra egin du.

 

Altza gaineko beste gizon bat dabil Antxo inguruan,

gu bajatzea beste gauzarik ez dabilkana buruan,

eskirolakin unitu eta altueneko graduan;

gizonez gizon jarri zaitezte oiartzuarran onduan,

zein dan langile balientea ikusiko da orduan.

 

Horren idea zer izango zan aguro nion igarri,

bere galoiak gora altxatzen enpeinatua da larri;

atzo gizon bi hizketan zeuden, atenditutzen naiz jarri,

sujeto horrek zer egin duan esan zioten elkarri:

«Biba euskera!» maiz oihu egin, kastillanuak ekarri.

 

Oraingo hontan izandu dira asunto izugarriak,

bainan gugatik ez du merezi desonratzea herriak;

gusto duanak ikasi bitza hamasei bertso berriak,

muallan lanik ez zeukan eta Trajinos Beltzak jarriak;

aditu nahi ez duanik bada itxi bitza belarriak.

 

© Jose Manuel Lujanbio, Txirrita    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko