MUXAR DEMOKRATIKOAK
Urtzi Urrutikoetxea , 1997
Ziega postmodernoak oso bereziak dira.
Leiho estua daukate, patioa eguzkitsu
nahi edurtuta goza dezagun.
Berdin zaigun arren, eguraldia miratzeko
askatasun maiuskuloa eman digute.
lau metro karratutara mugatzen gara.
Bitrokeramikak eta sukalde ontziez gain,
zer jan inofentsiboa ere lagatzen digute lantzean behin.
Gatibu zoriontsuak egin gura gaituzte,
pareta hauez landa euren goardiaren
komenientzia sinestaraziz.
Anartean,
muxar demokratikoek oheko hankak jaten dituzte
kra kra astiro baina taigabe.
Gaur koltxoi berria ekarri digute,
hondoratzea leunago gerta dadin-edo.
Ze, muxarrek kra kra jarraitzen baitute eten barik.
© Urtzi Urrutikoetxea