Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EUSKAL HERRITIK APARTE
(1970)
ZUHAITZ-MINAK
(1977)
BERTSOLARITZA
(1977)
BERTSO BERRIAK HORMA ZAHARREI JARRIAK
Xabier Amuriza , 1972
Bertso berri batzuek behar ditu jarri
entzumenik dutenen entretenigarri.
Katez loturik preso gaituzte ekarri
kantuz azalduko dut espetxeko berri
inozentzian inor ez dadin etorri.
Espainian behera han dago Zamora
basamortu hoberik nonbait izango da.
Ez mendi ez itsaso ez belar ez lora
hementxe bizi behar hainbeste denbora
hain maite dugun Euskal Herritik kanpora.
Etxetzar bat hemen da itxuraz bikaina
goralduko nukena gorroto dut baina.
Erdia zementu 'ta erdia burdina
gizonak piztitzeko apropos egina
hobe zen ifernura erori bagina.
Ilunpe hontan bizi gara erdi hilak
ondo itxirik daude ate 'ta zerrailak.
Inguruan polizi 'ta goarda zibilak
batzuk pistolak eta besteak fusilak
galtzeko arriskurik ez dago mutilak.
Kanpotik ifernua dirudin kaiola
barrutik zerri toki edo zerbait hola.
Jaten behintzat lujorik ez dugu inola
tantaka zurrupatzen digute odola
oraindik bizi gara nik ez dakit nola.
Gartzelan sartu eta lehenengo kolpian
zer ikusteko nintzen asko ez nenkian.
Zerbait gorderik edo neukan atxakian
batek eskua sartu galtzontzilopian
sekula inork ukitu ez didan tokian.
Goizean goiz ohetik jaiki egunero
ur salda zikin batez gosaria gero.
Eguerdian baba beltz 'ta holako jenero
hemengo potajeak probatu ezkero
bizkarrak gizentzerik ez dugu espero.
Baba beltzak nahasturik harriz eta harrez
hemen gabiltza hortzak irentsi beharrez.
Sabela putzez bete besterik ezer ez
gainera gerrikorik ibiltzen utzi ez
galtzei soinean eusten ez daukagu errez.
Sabela hutsik eta loturik mingaina
goitik behera zigorra txakurrak baigina.
Hau da gertatu zaigun espetxe zikina
oraindikan burutik sano gaude baina
badira motiboak zoratzeko aina.
Nagusi bat daukagu zirkuan hazita
pizti bildurgarria aurrez ikusita.
Oraindikan hizketan ez du ikasi-ta
uhuka hasten zaigu begiak itxita
orangutan garbia trajea jantzita.
Lotsagarri da baina sinestu hau jaunak
ate gabe ditugu hemengo komunak.
Testigu gabe hortan ohiturik ginanak
agiriz egin behar ezkutuko lanak
erakutsi ditugu dokumentu danak.
Deskoiduz inork ezer egitera oker
kalabozo batean sartzen dute laster.
Hantxe hainbeste aste nahiz 'ta barruak leher
ez ohe ta ez aulki ez mahai 'ta ez ezer
arratoiak hobeto daude mila bider.
Bisita egunak ere begira zer dian
amakin egin behar erdara garbian.
Gainera burdinazko bi sare erdian
eta alkahuete bat albotik goardian
burduntzi bat sartuko nioke ipurdian.
Ilunpean dagonak maite du argia
baita egarri denak ere ur garbia.
Noizbait hautsiko ahal da gure uztarria
hazia sortzen denez lurpean jarria
gartzelan erneko da Euskadi berria.
Nahiz 'ta mila gizonek izan gure kargu
Madrilera jo behar ezer nahi badugu.
Handik berriz ezetza aurretik dakigu
gorroto gaituzte 'ta zertako erregu
holakoxe piztien eskuan gaude gu.
Obispoak gurekin ondo egon nahiez
noizbehin etortzen dira baina gu joan ez.
Ia nazka gaituzte hainbeste folklorez
hobe hurren ontzian astronauten ordez
ilargira botako balituzte trabes.
Konkordatu zikin bat hartuz atxakitzat
militarren eskuan elizako giltzak.
Obispo jaunok horri eusten gauza handitzat
gaiztoak ez badira tontoak bai behintzat
edo biak batera hobeto deritzat.
© Xabier Amuriza