Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EUSKAL HERRITIK APARTE
(1970)
BERTSO BERRIAK HORMA ZAHARREI JARRIAK
(1972)
BERTSOLARITZA
(1977)
ZUHAITZ-MINAK
Xabier Amuriza , 1977
Bada gurean zuhaitz bat
bir-aitonak sartua
aitonak inausia
aitaren denboran tantaitua.
Ni jaiotzean
harexen orpoan ehortzi zuten
amaren umontzia.
Oinez ikastean
harexen adarretik aurkitu nuen
osabaren gorpua zintzilik.
Zuhaitzetik gatozela egia bada
modurik onena hautatu zuen
Jesukristo arteko tentelek
on-txarretan berezten
geroztikoek bedeinkaizen
zituzten zuhaitzak
zuhaitzari zuhaitz izatea
aski ez balitzaio bezala.
Hazi bat irentsi dut
zuhaitz jaio ez nintzenez gero
zuhaitz bat erne dakidan.
Erneko da bai
erneko naiz
nire gibelak damaio onura
landaratuko da bai
landaratuko naiz
nire bihotzak damaio
biziaren ritmoa
hor ditu hesteak simaurtzat
zertarako behar dut barruan
honenbesteko sokateria?
Sudurrak eta belarriak
zulo zaharrak eta berriak
kimatuko zaizkit
kimatuko naiz
eta laster aitak
bir-aitonaren zuhaitzaren
ondoan sartuko nau.
Ez duket txori bila joaterik
berak etorriko baitzaizkit.
Ari da bat
ari zait bat
habiagintzan
ziletik iparrerantz
doakidan adarrean.
To, ez dezakek harrapa
ez hadi traidore izan.
Soldadutzara bidean
zuhaizpe batean
galtzak jatsi beharra
etorri zitzaidan
gizon guztiek egiten dakiten
gauza on bakarra egiteko.
Ez dago ira freskoa bezalakorik
eta banihardukan
hesteekin burrukan
eta bi pauso alboraturik
begira nengoela
kokoriko oraindik
multzo lurruntsuari
amilotx lotsagabeak zeraman
desepeltzeko astirik emari galbe
bazeraman eraman zuen
nire erraietako hazia
nire afanetako zuhaitza.
Ilusioa da gizonak
dadukanik onena
ez balitz bukatuko
hain ganoragabeki.
Bir-aitonak sarturiko zuhaitza
aitonak inausia
aitaren denboran tantaitua.
Ez al duk tximist
gizonetan nor jorik
zuhaitzei geldi utzirik?
Ez dago gizonarentzat emakume gerririk
zuhaitzarena bezalakorik
Ez dago emakumearentzat...
berek esan bezate hori.
Ahaidetasun gehiago
dama
jaiotzeak arbola
beraren azpian
ama
berarengandik baino.
Eta bedeinkatu zuten zuhaitza
adora dezagun haritza
zuhaitzari aski ez balitzaio bezala
zuhaitz izatea
eta lagun
eta anaia
baina ez babes.
Zuahitzaren gerizpera
duen herriak joera
ezar aizkora
zorrotz orpora
eta segi aurrera
zuhaitzetik zuhaitzera.
© Xabier Amuriza