BIZITZAREN KEA
Xabier Izaga , 1998
Arratsalde osoan ez da sumatu
ohiko burrunba etengabea,
bosgarren zeldako gaixoaren kantu,
garrasi, danba izorranteak;
goganbeharra eta tristura nagusi
arratseko tenore goibelean,
eta zeinen jasangaitza zarata
gogaikarri haiek ez entzutea!
Bat-batean munduan bakar naukan
isiltasuna hausten
mila oinots bortitz, mila ahots urduri
korridorean zehar,
eta ate azpitik sartzen
ke ikusezin hori,
bizi iraungi berri baten kea, isilka
iritsi den herioren kiratsa.
Galeriako bizilaguna,
lagun bizia zena,
ohean zerraldo idoro dute
inoiz baino geldiago.
Bizkitartean gauak bere ilegurizko
mantu iluna hedatu du
eta niri gogora datorkit atzo
bonbila berri bat ukatu zidan
mixerablea.
© Xabier Izaga