A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

 

BETOR GUREGANA

        Xabier Lete , 1992

 

 

Betor guregana betiko argia eguerdi zabalean

begiak betez amestutako erresumaren dizdiraz

oharpenak biderka dezan fruituen opari mirestua

ibarrean soroak uda beteko eguzkiz koroatzen direlarik.

 

Jaso beza bizidunak soseguaren dohanezko emaitza

ohizko nekeek neguaren atarian itxoiten dutelarik,

ederra baita biziari noizpait zentzuak errenditzea

ulertzearen gudak zer lekarkeenaren zalantzarik gabe.

 

Izan gintezke horrela Jainkoaren arnas munduratua,

hitza haragi bilakatu zeneko armonia lehena

etenaren madarikapena aingeru erorietan gauzatu aurretik.

 

Itzaliko dira gero ilunabarrean zentzuen kemenak

eta urratuko du denborak une geldiaren abesti gorena,

baina ez zaigu ahanztuko behin miraria genuela ulertu.

 

© Xabier Lete    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko