Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
MIMETISMOA
(2001)
EGUZKI BAT LURRAZPIAN
(2001)
ZUMETAREN GERNIKA
(2001)
NIRE AUZOA
Ixiar Rozas , 2001
hiri bateko auzoa da
baina herri txiki bat dirudi
eta parkeko estanke grisa
ozeanorik handiena
goizeko eguzkia islatzen denean
langileen auzoan txikiak dira etxeak
lehenengo ordutik
nekaezin zulatzen ditu tinpanoak
erainkuntzaren taladradorak
giltza etxean ahaztuz gero
balkoitik balkoira
egin daiteke jauzi
eta haurrak bakarrik dabiltza kaletik
alboko farmazian ez dute primerik saltzen
durexekin konformatu behar
irratia nonahi entzuten da
hiriaren biztanlegoa hazten ari da etengabe
dio esatariak
eta hazten ari da biztanlegoa
barruan eta kanpoan
kaleetan eta plazetan
primeren ordez durex saltzen dutelako
jehovako testiguak
eta mayfair putetxeak
espaloi berean dute egoitza
hamahirugarren eta hamabostgarren zenbakian
inor ez da hurbiltzen batean
bestean etengabe ari da jendea sartzen
asmatu bietako zeinean
eta maiatzaren lehena
urteko iganderik igandeena
dena hilik dago
baina lo egin daitekeen
egun bakarra da
bonbona banatzaile pakistandarra
grisean kamuflatu nahi duen kolore oasi bat da
eta kutxazainetan ez dago eskalerik
estazioan gelditzen dira
edo hiriguneko bankuetan
anonimo izaten jarraitzeko
txikiegi geratzen zaielako nire kalea
eta nire auzoa
© Ixiar Rozas