POBREAREN KANTUA
Jauregiberri Donapaleukoa , XIX. mendea
Orori otoitz eginez,
Pobre naizela erranez,
Nabila deus dukedanez.
Ene beharrak estal nirozke
Ainitzen soberakinez,
Amoinak frango eginez
Bizi naiz hats gorapenez,
Hobeki ezin izanez.
Eginik piltzar zikinez
Zaku bat hutsik, bi soinez,
Dakarket ezin jasainez.
Etzantza gogor, erdi biluzi,
Urteko sasoin latzenez,
Ezin deus jan ez ukanez,
Bizi naiz hats gorapenez,
Hobeki ezin izanez.
Mintzatzen naiz fede onez,
Frogantzak ongi eginez,
Tristerik dauden zordunez.
Bazterrak oro kurritzen ditut,
Bati ken, bertzer emanez,
Orori agur eginez,
Bizi naiz hats gorapenez,
Hobeki ezin izanez.
Zer du balio erranez
Ene dolore gordinez,
Hatz herstura bihotz-minez!
Gaitzak nau jaten, ez dut pausurik,
Jarrik ez eta etzanez,
Edari kirats edanez,
Bizi naiz hats gorapenez,
Hobeki ezin izanez.
Ez niro erran jakinez,
Etsitu behar dudanez,
Huntarik hilen naizenez,
Oro pizatuz, nork diro juja,
Oraiko itxurapenez,
Beharrik badukedanez
Bizi naiz hats gorapenez,
Hobeki ezin izanez.
© Jauregiberri Donapaleukoa