BRODATZEN ARI NINTZEN
anonimoa , XVIII-XIX. mendeak
Brodatzen ari nintzen, ene salan jarririk,
Aire bat entzun nuen itsasoko aldetik,
Itsasoko aldetik, untzian kantaturik.
Brodatzea utzirik, gan nintzen amagana,
Ean jaliko nintzen gibeleko leihora,
Gibeleko leihora, itsasoko aldera.
Bai, habil, haurra, habil, erron Kapitainari,
Jin dadin afaitera, hemen deskantsatzera,
Hemen deskantsatzera, salaren ikustera.
Jaun Kapitaina, amak igortzen nau zugana,
Jin zaiten afaitera, hantxet deskantsatzera,
Hantxet deskantsatzera, salaren ikustera.
Andre gazte xarmanta, hoi ezin ditekena:
Ipar haizea dugu, gan behar dut aintzina,
Ezin ilkia baitut, hauxe da ene pena.
Andre gazte xarmanta, zu sar zaite untzira,
Gurekin afaitera eta deskantsatzera,
Hortxet deskantsatzera, salaren ikustera.
Andre gazte xarmanta igaiten da untzira,
Han emaiten diote lo-belarra papora,
Eta untzi handian lo dago gaixo haurra.
Jaun Kapitaina, nora deramazu zuk haurra?
Zaluxko itzulazu hartu duzun lekura,
Hartu duzun lekura, aita-amen gortera!
Nere marinel ona, hedazak heda bela!
Beti nahi nuena jina zaitak aldera!
Ez duk hain usu jiten zoriona eskura!
Jaun Kapitaina, nora ekarri nauzu huna?
Zalu itzul nezazu hartu nauzun lekura,
Hartu nauzun lekura, aita-amen gortera.
Andre gazte xarmanta, hori ezin egina,
Hiru ehun lekutan juanak gira aintzina,
Ene meneko zira, orai duzu orena.
Andre gazte xarmantak hor hartzen du ezpata
Bihotzetik sartzen 'ta, hila doa lurrera!
Aldiz haren arima hegaldaka zerura!
Nere Kapitain jauna, hauxe duzu malurra!
Nere marinel ona, norat aurtiki haurra?
Norat aurtiki haurra? Hortxet itsas zolara!
Hiru ehun lekutan dago itsas-leihorra,
Oi ama anderea, so egizu leihora...
Zur' alaba gaixoa, uhinak derabila.