PARTIDA TRISTEA TERNUARA
anonimoa , 1798
I
Partitzean Ternuara,
Untzia prest da belara.
Berga haut dago arradan,
Denbor-onaren paradan.
Xuri garbi zeru gaina,
itsasoak eder maina:
Haize ona belarako,
Denbor-ona partitzeko.
Untzitik artilleria,
Atean mandataria,
Enbarg-hadi, marinela,
Untziak dagian bela.
Partitzen da marinela,
Bihotzean triste dela;
Gomendatzen Jainkoari,
Adio, dio mainadari.
Adios, aita, adios, ama,
Behar handiak narama:
Neure buraso zaharrak,
Zuen hasteko beharrak.
Adios, neure emaztea,
Esposa maite gaztea;
Tristea dut partiada,
Sekulakotz, beharbada.
Alabainan goan behar naiz,
Munduan biziko banaiz,
Nik behar dut irabazi,
Neurekin mainada hazi.
Bizi beharrez bizia
Benturatzen dut guzia,
Bizi ustean hiltzera,
Banoa irriskatzera.
Itsasoak nau bizitzen,
Hark berak nau ni izitzen,
Bizi laburra emanen,
Gero berak eramanen.
Adio, neure haur xumeak,
Seme alaba maiteak;
Galtzen baduzue aita,
Ama alarguna maita.
Adio, neure haurrideak,
Adio, etxeko jendeak,
Otoitz nitaz Jainkoari,
Dudan amorez gidari.
Adio, aitak semeari,
Adio, amak umeari,
Adio bere emazteak
Nigarretan haur gazteak.
Neure senar maite ona,
Etxean behar gizona,
Sekulakotz gal beldurrez,
Adio, darotzut nigarrez.
Jaunak dizula grazia,
Salborik jende guzia,
Arribatzeko bizirik
Biaian irabazirik.
Marinelen emazteak
Ainitzak senar gabeak,
Goizean dena senardun,
Egun berean alargun.
Marinelek mainadari,
Mainadak marinelari,
Adio erran eta parti,
Mainada uzten nigarti.
Burasoek seme ona,
Esposak bere gizona,
Haurrek ere bere aita,
Ala galtzea min baita!
Marinelak bizia motz,
Guti sortzen zahartzekotz;
Gehienak gaztetikan
Badoazi mundutikan.
Etxean beharrenean
Kalte dadiketenean,
Orduan galtzen gizonak
Mainada, haz zaizte onak.
Marinela partitu da
Sekulakotz beharbada,
Ainitz doaz sekulakotz,
Hil berria etortzekotz.
II
Itsasoko Perillak
Kontxatik doa untzia,
Han kompania guzia,
Ternuarat badoazi
Zerbait nahiz irabazi.
Bide luze Ternuarat,
Itsasoa zabal harat,
Zubirik ez pasatzeko,
Marinelen salbatzeko.
Itsasoaren gainean,
Untzi tzar baten menean,
Marinelak irriskuan
Herioaren eskuan.
Haize largoz badoazi
Zabalerat irabazi
Itsasoan barna urrun,
Begiz ezin ikus Larrun.
Han jotzen ditu kontristak,
Bendebal haize konpristak
Denbora gaiztoa sartzen,
Gabitako biak hartzen.
Zeru guzia isuri,
Babazuza eta uri,
Marinelak trenpatuak,
Hotz handiak jelatuak.
Bela guziak harturik,
Belatxoa anekaturik
Untzia badoa segiz
Itsasoa handiegiz.
Gau beltzean ilunbean
Untzia tormentapean,
Aparailua desegin,
Ilunez deus ezin egin.
Elementak badarontsa,
Itsasoak abarrotsa,
Haize tenpesta uxia da
Itsasoan maskarada.
Furakanasen saria
Ifernuko iduria,
Satan beltzak darabila
Untzien galtzen dabila.
Marinelak harrituak
Tronpen jotzen unatuak,
Gabetik indar guziez
Etsitu bere biziez.
Uhainek untzia joka,
Gora behera saltoka,
Eta branka pulunpaka,
Kostadua arrolaka.
Uhin baten bizkarrean
Bi uhinen hondarrean
Tirabira badabila,
Untziak agertzen gila.
Bela mastak galdu ditu,
Untzia motz da gelditu,
Itsasoak hautsi lema,
Trebes galtzerat darama.
Uhin hautsiak gainetik
Iragaten trebesetik,
marinelak erorika
Untzi askan igerika.
Koartera dio eraman,
Kostadua barnat eman,
Gain guzia arrasatu,
Untzi zolada urratu.
Gaineko zubia hautsi,
Ura tilaperat jautsi,
Tilapean ura gora,
Untzia doa hondora.
Marinelak biluziak,
Luzatu nahiz biziak,
Uhinpean igerika
Untzi puskei atxikika.
Urak non berma ez du,
Ez aireak nondik lotu,
Untziak ez zimendurik,
Han ez da salbamendurik.
Marinelaren bentura
Itsasoan sepultura,
Sekulako bere fina,
Etxerako berri mina.
III
Ternuako Penak
Untzi batzu salbaturik,
Itsasoa pasaturik,
Arribatu Ternuarat
Behar duten Portutarat.
Ternura da mortu hotza,
Eremu triste arrotza,
Laboratzen ez den lurra,
Neguan beti elurra.
Han, oihan, sasi handiak,
Larreak eta mendiak,
Harri, arroka gogorrak,
Lur agor eta idorrak.
Han otsoak eta hartzak,
Basoko bestia gaitzak,
Alimalien herria,
Desertu izigarria.
Ternuan dire salbaiak
Ere iskimau etsaiak,
Giza bestia kruelak,
Hilik jaten marinelak.
Barbarian bizitzea,
Galeretan zahartzea,
Ez da pena gehiago,
Ternuan ez gutiago.
Hango lanak eta penak,
Akabatzen ez direnak,
Lan bat egin duteneko
Mila baituzte hasteko.
Egunaz ez da pausurik,
Ez gabaz errepausurik.
Trabailuan beti presa,
Lana garaiz ezin sesa.
Ezin geldi hori behar,
Beti egun beti bihar,
Astelegun guzietan
Besta eta igandetan.
Gau-egunez lanez ase,
Nurrimenduz beti gose,
Galdu jateko astia,
Loa dute garastia.
Han ez da behar nagirik,
Ez gezurrez den eririk,
Han dakite eragiten,
Alferra fetxo egiten.
Kamainan dago eria,
Triste, errain eroria,
Nihork ez du urrikari,
Ezen ez den lanean hari.
Uda luzean Ternua
Marinelen ifernua,
Herrian parabisua,
Bai azken errepausua.