A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

 

ARRANOAK BORTIETAN

        anonimoa , XVIII-XIX. mendeak

 

 

Arranoak bortietan gora dabiltza hegaletan,

Ni ere beste ordüz andereki kanberetan,

Orai, aldiz, ardura nigarra dizüt begietan.

 

Ez düta nik pena handia, entzülerik üken gabea,

Juratu dinat fedia, dolütüren zain, maitea,

Eni behatu gabea galdü dinat libertatea.

 

Erlea doa mendiz mendi, harek han biltzen dü lili,

Hartarik egiten dü ezti, eztiak oro ez bardin ezti,

Mündüko neskatila gaztik ez dira bardin xarmagarri.

 

Eni anaiak igorri letera batez goraintzi,

Entzün diala bai berri banabilala andereki,

Utzi ditzadan andereak, zer nahi düdan ideki.

 

Egin diot arrapostü nola beitü merexitü,

Harek ere zonbait beitü, nik hetzaz güti profeitü,

Uzten dudala hura bereki, ützi nezan ni eneki pausü.

 

Hartzen diat ofizioa, Iratiat üllain banoa,

Nola beitüt bizioa, oihanetan kantatzekoa,

Abis onik emaitez eta egia erraitez banoa.

 

Ahaire hau zahar omen da, düda gabe en' adin beita,

Hontan nahi dit kantatü nola den gazte perfeita,

Gezür güti erraile beita, ümil eta serios hura.

 

Arrusatziak eijer lilia, zühain berak dü elorria,

Amorio traidoreak berekilan azotia,

Hala dio borogatiak, begieik trunpa adixkidia.

 

Aitak dio alabari, nun habita laidogarri?

Alabak gezür aitari, zunbait abis hunen sari.

Orai bera da dolütürik, esklabo delakotz jarri.

 

Orai bera dolütürik dago, bena berantü zaio,

Herritik jun nahiago egoitea laido betzaio,

Hil baledi aldiz oraino, tunban sartü nahiago.

 

Hanbat düzü aflijitürik, libertatea galdürik,

Pena dolorez kargatürik, osagarriz gabetürik,

Oro berak kausatürik, amorioak traditürik.

 

Laur urtetako haur gaixua, leial dük hik amoriua,

Hitan etsenplü har dezagün, maita gure protsimua,

Lazükeriak kita eta zerbütxa zelüko Jinkua.

 

Khantore hoien egitean, üllain nintzan bortian,

Pasulapeko oihanean, abis onik emaiten nian,

Deüser' ezin sinetseraziz, bankarrot egiteko aiherrian.

 

Hartz handi bat, oihan hartan, nihauri so ikusi nian,

Hortzak xuri, begiak gorri, lepoa lodi beitzütian,

Kantore hoien untzia ützirik, bankarrot doble egin nian.

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko