GOGOAN DUDANA
Gorka Trintxerpe , 1972
Erreka barreneko
harri bustiaren sabel lehorra
dut gogoan.
Nagusiari nahitanahiez egindako
irripar behartua
dut gogoan.
Txantxangorri kabiko
kuku kumea
dut gogoan.
Asfaltopeko
lurraren indar alferrikakoa
dut gogoan
amorruz
ezinez
nere herriko
hainbeste ergelen aurrean
Mixeriz inguraturiko
aberats ospetsua
dut gogoan.
Epulon, Rostchild
eta esan ez dezakedan beste asko
dut gogoan.
Maitasun kantatan
ari den mojearen gorrotoa
dut gogoan
nere herriaren
egoera kaxkarrean.
Baina
zuhaitzak eta izarrak
nahasten diren tokian,
gauzak eta ametsak
elkartzen diren tokian,
emakumea eta emaztea
bat egiten diren tokian,
han
zeu zagoz neretzat.
Lurrak eta zeruak
elkar ukitzen duten tokian
karelean
zorionaren irudia den
karelean
han
neretzat
zeu aurkitzen zara.
Eta zugan berbizten zait
egunsentiz herria;
ez oraingo eta ez hemengo
baizik eta zuhaitzak izarrekin
nahasten diren tokiko,
ametsezko
eta geroko
(eraikiko dugun)
geure herria:
Euskal Herria.
© Gorka Trintxerpe