Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ALDIA (KRONOS)
(1944)
OLERTI
(1961)
ZER IKUSI URA IKASI
(1963)
GIZONA KANTATZEN DUT
(1968)
HARRIEK BADAKITE
(1970)
HIL NADINEAN
Juan Inazio Goikoetxea, Gaztelu , 1959
Hil nadinean igo nazazue, lagunak, Larte mendira:
bere magalean eder zait betiko atsedena.
Hil nadinean ez egin negar, ar zazue buruan
huntza-horriz koroi heze, lore zuri eskuan.
Goiko borda zanaren bazter une isil berean
ni ehortzi, eta pago bat landa aldamenean.
Hilarri bat buruan zutunik huntza-aihenaz estali
ta "hemen datza lagun amets-egile" gainean jarri.
Badira hantxe hamarren bat pago bi taldekari:
haizeak eraginik egin dezatela dantzari.
Jai dagitela arrai eta gazte ondoan inguru
ta par-algaraz ardo zahagiak behar dira hustu.
Kanta dezatela belardietan kilkerrak,
halako olerkari arlote lurpetarrak.
Haraino nor edo nor badoa mendian ibildari
egin dezala aho berean kantari.
Orain ez da han ez ardirik ez artzainik
aurtzaroan ohi bezala aiton-iloba ginanik.
Orduko ardien zintzarri-hots bigun, zoli,
neretzat izanen arribizi egun ta iguzki.
Aldiro aldiro belar onduaren usain naro:
berean bere, udaberri, udagoi, urriaro...
© Juan Inazio Goikoetxea, Gaztelu