AINTZINA
Daniel Landart , 1968
Gaztetasunari buruz
Hire buruari kasu egiten hasten haiz.
Ixiltasun batzu senditzen dituk hire baitan:
Barrandan egon hadi...
Oihu goxo, oihu samin batzu bihotzetik:
Biziari oihu, libertateari oihu.
Aintzinerat tiratzen haute,
Hire indar berriek,
Irria ezpainetan, beldurra bihotzean.
Bainan ere gibelerat
Haur bat haizela aditzen dukalarik.
Pausa zak zangoa, fermuki,
Aintzinari buruz
Pausa zak gizonen artean,
Gizon langilen artean,
Gizon langilen artean
Zoinak lanean ari baitire egun guzian,
Izerdia kopetan, iguzki saminaren azpian
Lurrekotzat eta Zerukotzat.
Pausa zak, behar den lekuan,
Ederrari, garbiari, bakeari buruz,
Joan dadin beti Aintzina!
© Daniel Landart