AMAMAREN BIGARREN AHOLKUA: AHAZTU HORI MUTILE
Miren Zabala , 1999
Izatearen zoko ahul asko
ikutzen dizkidazu.
Banderak,
koloreak,
izenak,
ez ditugu berdin ulertzen.
Zergaitik ez dituzu sentitu nahi
Andre Madalenen olioa,
Pello Joxeperen taberna,
eta Aitorren hizkuntza zaharra?
Betile atzean «ni bezalakoen»
kultura honen jakinmina duzu,
baina aurreiritziek itsutzen zaituzte.
Hori gorroto dut zugan eta,
batzutan, —nolako kabroia!— diote kuadrilan.
Baina zoratzen nauzu,
eta gatibu naukazu.
Zure laztan batek
zoriontsu egiten nau.
Ez dakit zein den
erreakzioa.
Ni letretakoa naiz eta
solido
likido
gas
bereizketaren ondoren galdu nintzen
kimikan.
Baina beste bereizketa batzu
egiten dakit,
a) zurekin
b) zu gabe
eta lehenarekin gelditzen naiz,
all night long.
Elkarrekin igaro ditugu ordu gutxi batzu,
egun jakin batzuetan.
Ez dute ezer esan nahi
baina zu zara nire bularren
taktua sentitu duen bakarra.
Horrek zerbait esan nahi du.
Niretzat.
Zuretzat ez,
eta hori gorroto dut zugan.
Batzutan, -nolako kabroia!- diote koadrilan.
Baina zoratzen nauzu,
eta gatibu naukazu.
Egia esan gorroto dudanaren
portzentaia harrigarria duzu.
Aspaldi, erlijio irakasle batek
zera esan zigun:
«Gorrotoa maitasunaren
txanponaren bestaldea da».
Alperrik esan zuen, izan ere
denok baikenekien jadanik.
Amamak esango lukeenez,
hobe dut zu ahaztea.
Amamak beti du arrazoi.
Hori da beragan gorroto dudana.
Eztitasun
Gurariaren
Oinaze
Itzela.
(Akrostikoak, poeta ezjakinen aterpe)
© Miren Zabala