TAMARIZA ETA PIKONDOA
Mikel Lasa , 1961
I
amodio galduak
Euriaren tristea
ari ta ari atergabeko amaian.
Katuak ganbaretan lo daude gau t'egun
denborari denbora emanez...
Paradisu galduetako oroipena da
nola palmondo handi baten pean
itzala genuela adiskide
nola tamariza ta pikondopean
ari ginen bekatu
haragizko bekatua
euriagatik triste ari
triste diren bezala tamarindoaren adarrak
itsas bazterrean
euriaren pean
triste ta ustel palmondoa
udazkenean
chalet ubelaren jardinean
Zarauzko plaiatik ez hain urruti.
Nola bion gorputzak gurutzaturik
(bagenekien ez genuela elkar maite)
bestearengan bilatzen genuen
gurean ez daukaguna:
mundu axolagabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak
ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.
Arratsalde hura munduaren azken eguna zen
t'amore eman genion bizitzari.
Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz oroitzen
Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz
bizirako arnasa isuri zionaz
ez naiz oroitzen
paradisuko azken egun honetan.
Katuak ganbaretan lo daude
tolesgabeko ametsetan
urteak eta denborak deusezten
edota denbora milaka ugaritzen.
«DANA»k ta «NADA»k zirkulua bukatzen dute.
II
denboraren marka
Ene biziaren tristeziazko
sinoak
zeinak baitu urtearen zehar
biziaren hari guztia kolorazten
zeinak baitu ene aurpegiaren eskultura
beheraka zimurrez markatzen.
Itsasontzi antzinako kobrearen metal zaharrak
ez du ene itxura tristearen tristura
eta plaia hondar-hustuak udazkenean
ez du ene etsipenaren zapore garratza.
Tamariza eta pikondoak
nire haurtzaroko izarotik
denak erroz desustraituak izan dira denak!
Izagak soilik haizeari buru emanez
tristeziazko salmoak
murmuratzen dituzte
ipar haizearen eraginez eta berresaten:
«Oi gure denbora hunen desolamendua!».
© Mikel Lasa