Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EGUN TRISTEAK ETORTZEAN
(1975)
NI NAIZ
(1975)
MAITASUNAREN SUTEGIA
(1988)
LUR NINTZEN, LURTUZ NOA
Mikel Arregi , 1975
lur nintzen, lurtuz noa
zugan bat egin arte;
zurekin behin betikoz
ezkontzen naizen arte.
hasieran bat ginen ta
denborarikan ez zen;
lainoak gure gainetik
bezala bizi ginen.
gerora utzi ninduzun
abiatzen neure gisa;
ez pentsa lehen pausoak
eman nituenik aisa.
zure sabel sakonaren
misterio ezkutua,
ezin egon guztiaren
betiko sekretua.
zure sabel sakonetik
bota ninduzunean,
negar egiten nuen
bizitzara sartzean.
mundura iritxita
neure gorputz makala
ikusiz, hartu nahi nuen
berriro zure itzala.
itzal guri, itzal goxo,
begirada biguna
ez naiz gogoratzen ongi
ezkutuan duzuna.
maite ninduzulako
hemen nago bakarrik
zerbait eman nahi zenidan
ta utzi nauzu hutsik.
nora ezean nabil eta
luzaidazu eskua
leize zulo beltz honetan
bainago sartua.
ohartu gabe hemen noa
nora ezeko bidean
itsasoaren oinetan
heriotzaren ertzean.
urik gabeko itsasoan
nabila igerian
ondoan sugeak ditut
ta ni nago erdian.
zuhaitz gabeko baso
plai ondargabea
zuen antzekoa dut
mundu hontan suertea.
zeruan ez da izarrik
aldegin du haizeak
negarrez erori dira
besoko landareak.
debalde etorri nintzen
eta debalde noa
dagoeneko prest dadukat
hilerriko zuloa.
orain gaztea naiz eta
lehen berriz mutiko
ihesi doan kea naiz
ezkutatuz betiko.
desertuko haize bero
hego haize epela
zure gainean joan nahi dut
ondar alea bezala.
zimenturik ez dut eta
teilak jartzen hasi
ustez altxatako etxea
lurrera zait jausi.
kirieleison luzea
kantu lehor zatarra
eguzkia badoa ta
egin beza langarra.
© Mikel Arregi