UDAZKEN-OLDOZKUNA
Gabirel Manterola , 1921
Udazkeneko egun itunan
ortzea goibel dakustanean,
eta ausarditsu axe-erauntzia
sartuten dala zugatz artean;
orri gustiak irabioka
euren biziaz aztuta lez,
alkarren leyan ikusten dodaz
bildur-ikaraz iges-iges.
Goibel yartzen yat neure biotza;
oldozkun baltzez daukat itun;
poza damostan gauzaz aztuta
nai ez da yartzen naz oldozkun.
Zer dan bizitza? Gizona zer dan?
Irudi ontan argi dakust:
axe-erauntzian aldi zolia,
orriak gizona darakust.
Giza bizitza da axe zearka
egazka doyan txoritxoa;
ta elbururantza arin itxasoz
doyan ontzi bat indartsua.
Odei ertzean sortuta laster
ezereztuten dan lurruna;
aitz-erpin-zear igeska doyan
laño antzedun da gizona.
Argidirian laztan artean
yayo dan lora samur, eder,
eta arratsean bizitza barik
gelditzen dana iger-iger.
Udazkeneko egun ituna
axe-erauntzi eta orri igarra,
ludi ontako bizitz laburran
bakar-bakarrik oixe gara.
Orri samurra, laño-lurruna,
auts ezereza da gizona;
Zelan ba bizitz ain laburragaz
alkartu leike poz-zoruna?
Bakar-bakarrik bere gogoa
asetu leiken goi-bizitza
beraganduta zorunduko dau
auts, besterik ez dan biotza.
© Gabirel Manterola