A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
AMENAZUA
|
EZ DA INPORTANTEA Josu Zabaleta , 1969
Udaberri arratsaldean euri-ondoren arkaitzak eta malkarretako pago berdeak denak serio ta garbi diren bezela.
Pentsatzen ari naiz —Igande arratsaldean bakarti— gizonak ez dakiela bere maiteak utzi duenentz edo hortik zehar joan dela edota penaz dagoen ere.
Bakarti dabil bere ibil-bidetik; Igande arratsaldean —besteak— ez daki zeini agurrik egin edo kotxea nun utzi. Kotxean dabil, edo bere oinetik, kalean ez dago gauza berririk, kamiņotan ere ez kamiņoa besterik; errekatan betiko ura; ez dago inun ezer konpondu beharrik. Udaberriko Igande arratsalde bustia serio dago, inun karraxirik gabe, espanturik egiteke, gizon bat paseatzen utzita, gizon bat, nunnahitik. Udaberriak ez du jarri Igande arratsaldean ezer diferenterik.
Maitea zuenean, halare, helduta joaten ziren hortik zehar; jostunetan zer egiten zuten, edo ofizinan, —ez dakizu nola maite zaitudan, ene bihotzeko erregina— fabrikako kontuak edo haizea dabilenean zigarroak nola piztu behar diren, —zure ama ez dut gaur ikusi—; futbolean ere egondu ziren behin.
Ez dire akordatzen ezagutzen dutela jenderik horrela sekula mintzatu ez denik. Eta gizona hor dabil, bakarti, eta ez da akordatzen ezagutzen duela jenderik —bakarti— horrela sekula mintzatu ez denik. Udaberri arratsaldean euri-ondoren arkaitzak eta malkarretako pago berdeak denak serio ta garbi diren bezela.
© Josu Zabaleta |
|