A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

LEHEN LERROA

        Lierni Azkargorta , 2021

 

 

“Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez”.

Kirmen Uribe

 

Hil egin zara eta ezin zaitut ukitu.

Bakarrik iritsi zinen. Bakarrik joan zara.

 

Bart egin zizuten botika usaineko infernu honetara ongietorria.

Erabat sintetikoa iruditu zitzaizun.

Ordularia kendu eta mesanotxean utzi zenuen

babestutako lekuko izan zedin;

azken eszenogramak bere apatian

besazpiko jatorriaren beroan estaliko ote zintuen.

Zure logela gogora ekarriko zizun presentzia bat, besterik ez,

zenbat eskertuko zenukeen.

 

Barkaidazu.

Gelara sartu naizenean negu oso bat topatu dut;

etzanikako hilotz zurruna, barrualderantz goroldiotutako agora.

Degradazioaren kontra-argia, jaso zintuen oheak

azken izerdiak lehortu dizkizu, akaso izan zinen zigotoraino agortu.

 

Minaren emankortasuna zinikoa da, Maria Magdalenaren zapia,

noizbait zoriontsu izan zela oroitze hutsak Danteri eragiten ziona bezain handia.

Zurekin eraman al duzu minbera? Elur artera.

Leihoa ireki dut. Zure arimaren bideari erraztasuna jarri nahi nioke.

Horrek ez du ezer esan nahi. Hil-kanpaiak isilik daude.

Bularrean du heldulekua urrezko gurutzeak, horra sorgor

babesturiko beste lekuko bat.

Hurbildu egin naiz, ez gehiegi,

bi metroko distantziaz lehen lerrora soilik;

zure azken begirada irakurri nahi nuke:

haurtzaroan zein mami ikusten zenuen amaren gaztea,

labetik atera berriak diren sagar erreak eta eztia.

Otsailetan, ohatzean, emaztearen oin hotzak, ate aurreko txakurra uluka;

bekokian, sargoriaren galda bizian, baratzeko pikondoaren itzala,

baserriaren harria, sukaldeko pertzetatik lurruna,

ogi egin berriaren usain beratza;

gerrirainoko erreka, mutikotako esku artean zizareak eta

amua irentsi zizun lehen amuarrainaren buztankada;

ardi anglo-amerikar artean Nevadako anaiak

idatzi zizun kipula-paperezko eskutitz horizta;

bularretatik ahora, jaioberriaren maina,

sorburua erionez,

esnearen asebetea.

 

Barkaidazu.

Latex epitelioa duen odol hotzeko narrazti polimeriko bat nauzu.

Ezin zaitut behar bezala haztatu. Kanpotik ez dut gizaki eiterik agerian;

zin egiten dut barren, ekaitzak goratu ezin izan duen

giza arrastorik gelditzen zaidala.

 

Plazenta barruan epel isotermiko guria izaten omen da,

heriotzaren karkasa azpian izotzik kristalena.

Hil-kanpai horiek ez dira zureak.

Hegaberek baxu egiten dute ortzemugarako partida.

Bihar, positibo bat batuko duzu zenbakien hizkuntza aizunean,

tanto hermetiko bat urkatuen olinpiada matematikoetan.

 

Barkaidazu.

Zureak egin du. Agian nireak ere bai.

Haragietatik apur bat ernatzen al da

unamaz katigaturiko hormigoi akituetan.

Gaitzaren zintzurretik hasperen egin eta

anosmiarik garatu ez duen edonork suma dezake:

herioak gazur garraztuaren usaina laga du

gelako airearen hutsetan.

 

Ba al duzu hotzik?

 

Barkaidazu. Hil-kanpai horiek

ez dira zureak,

ez dira zuretzat.

 

© Lierni Azkargorta    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko