ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ESPRESIO PERFETA
      (1987)

ALEXANDRIAKO AGUREA
      (1987)

SUSTRAIRIK EZ DUEN ARIMA
      (1992)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

LEPOA ETA EZPATA

        Luis Berrizbeitia , 1992

 

 

Ni naiz zelaia, zu zara sega

Ni naiz ibaia, zu presa

Ni naiz garuna, zu zara bala

Zu ostatu, ni maizterra

Ni naiz fruitua, zu zara hortza

Ni naiz zura, zu iltzea

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

Ni naiz usoa, zu gabiraia

Zeru goretan hegaka

Ni naiz satorra, zu anderederra

Gosez nire atzamanka

Ni naiz masustra ta zu txoria

Mokoa nitan beztua

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

Ni naiz lizarra, zu zara zerra

Ene barrenak karruska

Ni naiz alea, zu zara eihera

Ni birrintzean biraka

Ni naiz zuzia, zu zara haizea

Nire garraren etsaia

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

Ni naiz ontzia ta zu galerna

Ni presoa ta zu ziega

Ni naiz harana, zu uholdea

Ni oreina, zu gezia

Ni naiz mutua, zu zara hitza

Ni naiz gorra, zu doinua

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

Ni naiz oihala ta zu zerena

Ni naiz zaldia, zu brida

Ni naiz hezurra ta zu karea

Ni gorpua, zu hobia

Ni naiz itzala, zu eguzkia

Ni naiz muina, zu azala

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

Ni naiz morroia, zu zara jauna

Ni naiz fitsa, zu brisara

Ni naiz odola, zu zara zaina

Gidatzen nire bidaia

Ni naiz haurraren egonezina

Zu amaren larderia

Ni naiz lepoa, zu zara ezpata

Gure lehen musua da azkena.

 

© Luis Berrizbeitia    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa