ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

GAZTEEN BATZARRAK
      (1896)

EUSKALDUN BAT
      (1896)

MUNDAKAKO EMAKUMEA
      (1896)

SUR BATERI
      (1896)

MUNDUA BILOIZIK
      (1896)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

GIZON BAKARTSUA

        Eusebio Maria Azkue , 1896

 

 

Santa Katalinako gaztelu zaharrean

gizon bat ikusten da goiz ta arratsaldean

gau-txori sorgina lez ermita inguruan

berez erneko haizea darabil buruan.

 

Haserratu ta ahal dago gizon guztiakaz

bada ezta batzanduten inoiz gizonakaz:

inor ikusten badau han hasten da mur-mur

ta ihes egiten deutso esan barik agur.

 

Baina inor ez badakus ikusi da egoten

neska doiazanakaz leixiba jagoten

eta nor ez da gizona berbaz ez doiana

irribarreka pozik neska bategana?

 

Behin baten egoala gauza bat kantetan

zozoak dagozan lez Marti goizaldetan,

ikusi eban neska bat jarrita harri baten,

ta hasi jakan gizonai belarrira esaten:

 

Jaungoikoak daizula egun on bat emon,

neska galanta zagoz beti lez Mari Anton.

Nunbait neskeak eukan gogoa tristerik,

ez ebanean egin entzunda barrerik.

 

Zelan zagoz, Mari Anton, umore ona barik?

Ez deutsu senargeiak bialdu kartarik?

Ze hodai baltz daukazu gaur zeure zeru argian?

Esan eutsan gizonak bigarren aldian

 

Ez daukat horregaiti gogoa gaisorik,

ze asko dago Mundakan senargei bakorik:

neure ama, atso tximurra, sorgin-landarea

da apurtuten deustana bihotz-koilarea.

 

Esan deutsat goizean epel nagoala

ta bost gona azpirako behar dodazala

ze orain mutil gazteak ez dauke gogorik

andrarik hartuteko mardotu bakorik.

 

Egin deutsadaneko neure amai eskea

kotxeru bat eginik hasi jat kezkea,

berezean erneko zarta zigorragaz

atze ta aurre neurtuten indar guztiagaz.

 

Ez barruko gonarik ez mirinakerik:

neure biotza daukat nahibagaz beterik;

ta au ezpada bizia galduteko lana

ezpedi handiagorik etorri neugana.

 

Argal ta lodiakaz egiten bakea

agertu zan mundura behin mirinakea;

ta ordurik hona dabil orain bai ta orain ez

lehenengoko zeruan ila ta argia lez.

 

Jantzita emakumeak mirinakeagaz

dirudi Birjina bat magal zabalagaz:

ta mirinake barik Fraile kokot-motsa

edo Abade edo Monja artazi-zorrotza.

 

Mirinakea ona da eta ondo deritzot

baina Amak ez dau gura ta ezin zuritu dot;

mokortsu zorrotzakaz mardotasun barik

ez dago gaur Mundakan ni legez neskarik.

 

Banago joateko herriti kanpora

baina ezin joan neite biloizik inora.

Ez da zori gaiztoa ta ez da dolorea

asetan botatea gazte denborea?

 

Ai betikoa ez balitz Aman matrakea

laster egingo neuke nik mirinakea

mutilak ez dabenez gura neska epelik

Ailikak deust esanda zer egin neian nik.

 

Honek gauzok esanda euren bakarrean

gizona bakartu zan gaztelu zaharrean:

Neskea agur eginda joan zan etxera

ta iluntzean Ailikan zentzuna hartutera.

 

© Eusebio Maria Azkue    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa