ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

KANTUZ!
      (1929-1935)

OIALDUN ONTZIAN
      (1929-1935)

BERTSOLARI ZAPUZTUA
      (1929-1935)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

EURIA TA URIA

        Santi Onaindia , 1937

 

 

Atzo arratsaldez, lerkaiak zetuta,

ainbat jausi ziran gure uri maitean;

garrasika zarrak, ta umeak txilioz

erio-zain oar nitun illuntzean.

        Gaur, eguna argituz

        jori da euria,

        eriotz-aldiko

        amaitze larria.

 

Ixil ta iraun dator, nekatua legez,

erreriko uria estalpetu nairik;

egiz, orkatz-nagi euria beerantza,

erriaren lotsa pizkat babesturik.

        Erreriko uria,

        txoko lotsaritu,

        euriak nai ausaz

        eun bustiz beatu.

 

Dana ingurumari, il-urren bailitzan;

ta iges doa bizkor uriko jentea

gaitzak artua lez, bide-zelai zear,

ixillik ta txonbo, anpuluz betea.

        Illinti goriak

        itzaltzen euriak,

        uri errearen

        ondar kiskaliak.

 

Espaloian zear begira gizon bat,

giza-antzik ez, ta negarra dau jaki;

eztarrian itoz abotsaren oiua,

su ta euriaren triska ur-ur ikuski,

        «madarikatua,

        guda zitala —diño—;

        madarikatua,

        i, gizaki gaizto».

 

Mezuak eskinka dator euri mea,

zidar tantoetan goi-zear atalduz:

ez dirausku ezer, muturik da jausten...

Ez al leuke zerbait esango mintzatuz?

        Uria dakusa

        errea, mutiri,

        gomutapenezko

        azken min-intziri.

 

Kei, gar, erre-sunda —Danteren ikusgai!—

uria dakusa, oi!, txarpil egiña.

Zerbait dau esan nai, baiña, loki estu!,

miiña jareinazo dau arras eziña.

        Mintza naiez dago

        goitiko euria,

        miñetan ikusiz

        euskaldun uria.

 

Zabor, arri, zirpil, ondarrez kalea,

Aizetan eriotz dabil arramaka...

ta, umea besoan, zelako irudia!,

garrasi bizitan, nora oa, neska?

        Euskal uriaren

        miñaz oarturik,

        negar zotin-eunez

        estaltzen dau goitik.

 

Ni be, euri ta uri, minkide zaituet.

Zuen kale ertzetan gaur ez dakust, ez,

ume-jolasik, ez saleros-joranik;

dana dager laru, garrasiz, oiñazez.

        Eta biotzetik

        aut madarikatu

        erriak ondatzen

        ditukan guda uzu.

 

© Santi Onaindia    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa