A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

BANINTZ
      (2008)

EZ AZKARRA BAI SAIATUA, 1
      (2008)

POSTALA
      (2008)

ZAINDARIAK
      (2008)

LOTSA VASCONIAN
      (2008)

  literaturaren zubitegia  

 

LITERATUR BALIABIDEAK

        Ibai Iztueta , 2008

 

 

Kapitaleko lehengusuak ginen gu.

Mutikoak,

probintziako azken herrian.

Lana egitea zer zen ikas genezan

edota

gure ahalegin erkinak ere

zerbait

balioko zuelakoan

belarretarako deia egin ziguten.

 

Konplikatua,

ez zen.

Baten batek egina zuen mozte lana

eta taldeari, larrean sakabanatu ondoren,

malkarra

orraztea tokatzen zitzaion.

 

Lehenbizi

printzesa zorabiatua bezala,

ziplo,

erorita zegoen belar iharra lerroetara

ekarri behar zen.

 

Gero,

lerro hauek,

lerro lodiagoetara batu

eta azkenik,

han hemen

metatxoak antolatu behar ziren.

 

Bero sargoria egiten zuen, noski.

Abuztua.

Urdina gordin goian.

 

Gure jardun mantsoak

eta aldamenetik egurats orea janez

bapo

pasatzen tiren erlastar eta mandeuliek bakarrik

eragiten zioten

gelditasun

orokorrari.

 

Mukiak belzten zizkizun

hautsa

altxatzen zen sudur zuloetara.

 

Belar lehorra

laztu

egiten zen orkatilen kontra

eta

izpiak

gogaikarriro sartzen zitzaizkizun zirrikituetatik

behatz artera.

 

Besterik?

Ekinean hasi eta berehala,

babak eskuetan.

 

Honengatik guztiarengatik,

akaso,

baina pulamentuari euste aldera,

ziurrenik,

ez zen berriketa handirik

makurturik genbiltzanon artean.

 

Noizbait

edari freskoarekin eta hamaiketakoarekin iritsi ziren

behetik.

Eta eskuareak utzi

eta borda ondoko astigar bikainaren itzalean

esertzera

elkartu ginen denok.

 

Gogoan dut

mahaiaren gainean,

parez pare,

nire lehengusuaren hatzaparrek,

errinozero zahar bat

ematen zutela

eta nire eskuek, berriz,

esne opil

mamurtuak.

 

Jan eta edan egin genuen

eta haizetxoaren laguntzarekin

isiltasuna brodatzen jarraitu,

norberebaitaratuta,

bakoitzak

bere mundutik irteteko gogo handirik ez balu bezala,

bertan goxo, bertan ondo, balego bezala.

 

Isiltasun eta bake horretan

euri bitxia ari zuen

gure inguruan:

Astigarraren fruituak,

helikoptero epotx eraitsien helizeak iduri zuten

samarak,

          zinbuluka,

                      ardatzaren

                      gainean

          biraka,

diskrezioz

          baina

                      euren

                                  unea

                      ongi

          hautatuz,

hosto

          artetik,

                      lurreraino

          edota

mahai

          gaineraino

                      erortzen

          ziren.

 

Mahai gainean

gure aurrean pausatu

eta ez ziren mugitzen.

 

Ez zen ikuskizun ikaragarria, zorionez.

Eta neure partetik esan nezake

bereziki pozgarri neritzola une horretantxe,

fruitu hauek

KOKOTEROARENAK

ez izateari.

Arnas botatzea bidenabar aprobetxatzearren bezala

esan nuen, esan banuen.

Zerbait esateagatik.

 

Eskerrak KOKOAK

ez diren.

 

Ezustekoa eta harridura unearen ondoren

ALEGRANTZIA

eta

ALGARA

eztanda gerizpean.

 

To, kapitaleko lehengusutxoaren

baliabide erakustaldia!

 

Algarak eta alegrantzia.

 

Eta, egia esan, ondo geunden han, bai,

ondo geunden han, mendi artean,

pixka batez egonean,

oraindik eguerdia ez eta berriro lanera altxa aurretik

Polinesiako hondartzetatik hain urruti.

 

© Ibai Iztueta    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko