—20—
Alaine Agirre , 2017
Bigarren gauean
koadernoa boligrafoa musika entzuteko gailua
kendu zizkidan sorgin batek
eta armairuan gorde zituen
giltzapean.
Ordutan egon nintzen
sabaiari begira
negarrez
ez nekielako non eta zerekin idatzi
ez nuelako norekin hitz egin.
Neu bakarrik nengoen
neure neura ikara izu obsesio minari
begira.
Ezinegona.
Ezin-neu-egona.
Gaur azkarragoa izan naiz
sorgina baino.
Koadernoa boligrafoa mp4a
koltxoiaren azpian gorde ditut
logura aurpegia jarri diot sorginari
txintxo irentsi ditut ahora eman dizkidan pilulak
eta joan denean
manta bat hartu
lurrean zabaldu
eta gelako irteera seinalatzen duen
argitxoaren pean
idazten jarri naiz.
Horra hemen irabazi dudan
batailatxo bakarra.
© Alaine Agirre