—27—
Alaine Agirre , 2017
Berarekin paseatzen dut hemen
psikiatrikoan gora eta behera.
Bere liburu bat daramat poltsikoan
triparen ondoan
bihotzaren alboan
batzuetan, eseri eta altzoan hartzen dudanean
are nire sexuari pegatuta ere.
Liburua ireki eta poema bat irakurtzen dut
ausaz.
Gehienetan iruditzen zait ez dudala ulertzen
ez naizela iristen bere berben muinera.
Batzuetan ordea.
Ez, ez: beti
sentitzen dut igartzen dut ondoegi
ulertzen dudala
bera
ni neu izan nintekeela
emakume masturbatzaile hori
ama damutu hori
jainkoaren galdez dabilen gaixo galdu hori
psikiatrari poemak eskaintzen dizkion idazle hori.
Banaizela bera.
Banaizela
zu.
Zuk mokasinak egiten zenituen beste erien artean
nik zumitzezko otzarak.
Zuk bi aldiz erabaki zenuen zeure buruaz beste egitea
nik behin edo; ez nago ziur.
Zure poemak besapean hartuta paseatzen dut
hemen, Anne
zurekin, Sexton.
© Alaine Agirre