A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

ILUNDU AURRETIKO OLIADURA

        Lierni Azkargorta , 2021

 

 

“Hain hauskorra naiz derrepente.

Oinez doan zauri bat naiz, ospitaletik irteten.

Atzean laga dut osasuna”.

Sylvia Plath

 

                             I

 

Zuhaitzaren itzala uda betean.

Euli mandoen soinu narratsa, adarren joan-etorri malatsa,

hostoen soslaiak norabidearen hauspoan.

Noizbait izan zen edertasunik orain erbestear dauden zelaietan.

Haizeak agindu lezake une batez

urrundik atzematen badu

kanpoko haurren ukimen jolasa.

 

 

                             II

 

Forma orain, lausoa gero,

irudiak bata bestearen barren, dialekto organikoa mintzagai.

Gorputz egin berriak, oraindik beroak,

sexu ameskerian lehertzen dira.

 

 

                             III

 

Itzalen artefaktua hiria gain hartzen ari da

Objetu Hegalari Ezezagun yanki bat bezala.

Borobiltasunak anputatu dira,

asfaltupeko hormigoia nekrosia beltzean da.

Atzetik alde egin du haize finak zaldi kizkur baten gainean.

Irtetear liteke ospitale menperatu bat ilunabarrean.

 

 

                             IV

 

Leihatila horien infekzio kristaletatik, ez da besterik;

zirrikitu zorrotzetik, txistukari baino eztulez,

erdizka eta zehar-esanetan sartzen da muturka datorren ilundia.

Barruetako ateek bikuspide erantzuten dute,

sartu-irtenkako jipoietan, bi kolpez eta nonahitik.

 

 

                             V

 

Gaur arratsean eguzkiaren estaltze beherean,

atseden hartu beza lengoaia minberak;

alkitran ilunak ultzeratu ditu gelaren A eta B aldea.

Badira klausula moduan hormak trebesatzen dituzten itzalak.

Bake hitzak erabili nahi baina,

danbolin artean kontraerasoan etortzen da semantika.

Gaua zornatu da zelai beteko batailan.

 

 

                             VI

 

Porrota bizimodu alternatibotzat duen leinuaren inperioa da hau,

gaixo usaina dugun gaixotarrona;

gurpil artean etzanik, mingain-orrazi egoskorrean

egun oso bat irioten duten eskeko katutzarrena;

zakarrontzi organikoa auzo kontsakratu duten harrapari generikoena;

material biologikodun poltsa gorriaren barne

bala galdu gisara sarkor diren har korrosiboena.

Badakigu gure ohea falta zaigula.

Baina gu gara barrukoak. Gaua da kanpokoa.

 

© Lierni Azkargorta    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko