Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
LEHEN LERROA
(2021)
ILUNDU AURRETIKO OLIADURA
(2021)
ANESTESIA: IHESALDI DISTOPIKOAK
(JOAN-ETORRI-JOAN-JOAN)
(2021)
INMUNITATEA
Lierni Azkargorta , 2021
Ahula izaten utz iezaidazu
aldi bakar batez bada ere,
ez nuke behar, baina nahi izanaren arnasa
intziria etengunea da.
Gaur traizioz labur izan bitez
ene barne bazterrak. Berdin zait.
Haize somatikoaren alde
soltatuko ditut ontziko belak. Berdin zait.
Barkatuko dut airean gain-azpika
trebesaturiko zeharrargia, bitamina zuria;
etengo ditut garun barruko sinapsiak,
gurutzaturiko galderen hologramak;
jasango dut ezbeharraren sukarra,
odolaren kontrakorrontea.
Gaur gauez, gaur gauez soilik, berdin zait,
okerragora egin aurretik, inoiz gehiago ez,
azal zaitezen kausa-efektu gogoz,
metafora zinetiko bat bezala,
azal zaitezen kroniko,
azal zaitezen behin, nire iztarretan labain, eta
nigandik irten orduko berriz ere itzuli. Berdin zait.
Bihar, agian bihar, kemen apur bat topatuz gero,
memoria guztien izenean garbituko dut nire duina.
Agian bihar, loreak ez ditut zuztarretik aterako,
agian bihar, udaberri azkarrago bat desira;
neure defentsa guztiak irion, berdin zait.
Berdin izatea ere berdin zait.
Axola izateko adina kemenik banu, agian bihar,
osasun zaharren izenean,
erregina-jele anpoilaz egingo dut topa. Agian bihar
benetako etxera itzuliko naiz.
Eta sinetsi berdin zaidala, baina agian, bihar,
ez zenuke telefono-kabina agonikoen barruan,
urgentziaz eranzten duzun gorputzaren azpiko
superagente estresatzailea libratu behar.
Desiratzen zaitudalako
masokista deitzen didate. Eta hori ere
berdin zait.
© Lierni Azkargorta