A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

LEHEN LERROA


      (2021)

ILUNDU AURRETIKO OLIADURA
      (2021)

INMUNITATEA
      (2021)

  literaturaren zubitegia  

 

ANESTESIA: IHESALDI DISTOPIKOAK
(JOAN-ETORRI-JOAN-JOAN)

        Lierni Azkargorta , 2021

 

 

Aho txikiko lur handiak,

amaitu egiten dira bertan minak,

ixten ari den eraztun baten antzera,

guztia soiltzen da munduaren ipurtzulo honetan.

Arrakalak. Kareharria. Okre hautsa. Hemen ez da ezer.

Kilkerrak bai, baina isilik. Hau al da opiazeoen erreinuan

izan litekeen ametsik ederrena?

 

Oin ertzera ekarri digute muga,

lehen mailako bidaiariei egiten zaien bezala.

Pauso erdi bat nahikoa izan dadin.

Laburra izan dadin. Biguna izan dadin.

Estatika gabeko haizea sarean erori da.

Eguratsa gori. Urik ezagutu ez duena, paralizatua,

deshidratatua, suge siku bat bezala.

Oxigenoa % 100ean toxikoa da.

Sabaia koipez arretu da, argi orlegia

fluoreszentziaz keinuka hasi. PH-a zazpitik gora edonora.

 

Joaten ari zaizu anestesiaren efektua.

Astunagoa da zeruaren pisua.

Ez dakit zer egiten dudan hemen,

etorkizuneko mina absorbatzen duten

pixel hauen artean harrapatua.

Ez zaitut ezagutzen.

Oinetakoak galdu ditut

baina hemen ez dira ezertarako behar.

Barrurakako matrize honetan zorua beratza da.

Esnatzen ari den hori, zu zeu izango zara.

Zoaz aurretik. Irudimenaren agindu bat da.

Lur hartu eta bestaldeko zentzuetara iristen zarenean,

minak suspertuko zaizkizu,

aurpegiz aurpegi topatuko duzun lehen ezezagunari,

ohar egin, esnatzea,

hor esnatzea,

hemen merezi ote duen.

 

Bidali erantzun adierazpena, bake gogoz,

astinduz zapi zuria iragazitako lau haizeetara,

lauhazkan dakien zaldi tartekari jaspeztatu baten bizkarrean,

ebakuntza-gelatik lurralde neurotiko honetako

edonongo helbidera.

Balekoa izango da, aseptikoz gainera,

zuzen iristen dakiela

zuzen iristen bada.

 

© Lierni Azkargorta    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko