Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ERRESUMARIK ZABALENA
(1994)
POESIA FIKZIOA DA
(BAITA ZERA ERE)
(2001)
BASQUIAT
(2001)
BIRIGARRO ERRALDOIAK
Harkaitz Cano , 1994
Apur bat argiagoa banintz
esango nizuke
suizidek bota egingo naiz
esaten duteneko naturaltasun berdinaz
aspaldi honetan galdua dudala hirietara heltzean
ezer baino lehen eraikuntza altuena
bisitatzeko ohitura osasungarria
nire ametsetan jada ez duzula bisaia ainubea baino
galerazia dagoela amodio poemak eta maxakanak
kale hauetan destilatzea
batazbestekoaren gainetikoa dela
nire eguneroko kearen dosia
edo badakizu
harriek ez dute oraindik negar egiten ikasi
edo begira
suaren ahotsa da kearen ereserkia
ez al dirudi zerumugak haur batek
treneko leihoan utzitako lurruna
ez al dirudite pinudi etzanek
etorkizuneko zerraldo ola
ez al dirudite pinudi zutunek birigarro
kaiola
otoi zaude isilik
non ikusi dituzu zuk birigarro erraldoiak
© Harkaitz Cano