Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
APIRILAREN LAU EGUN
(1984)
BILBAO GOMUTAN 2
(1991)
PATS EURIAN
(1991)
«AGUR» ESATEA
Kepa Fernandez de Larrinoa , 1984
Ttikitandik entzun nion,
mojen ikastetxetik gurasoen etxera
bazkaltzen nindoala,
«agur» esaten zidala
zazpi urtetako beste mutiko ikaskide bati.
Hemengo enparantzan zen hura,
lehenengo udaletxe zaharraren ondotxoan,
ia sarrera gisa dauden eskaileretan bertan.
Hantxe.
Orain egunak joanik
garai hark nolakoa
izan behar zuen
nire burutik igaro da
jakin-minez:
baserri, mahats eta sagar,
edozein igande epeltsuren arratsalde goxoan
jendea belarditan etzanda, olgetan...
elkarrizketan,
udaberriko usain freskoa,
maiteminduen hitz eztiak, berritsuenak
Bizkaitarron huri gainean,
Bizkaiko erreginaren ateetan,
karlisten Zumalakarregiren zauriaz,
nire auzoko kalearen izen horiak
—erdieroria—
etsipenez eta minez oroitzen du
zuhazti eta belar.
Gogoan dut
gehien atsegin zitzaidan
udazkeneko orrien kolore gorria.
Begoņaren historian
behin
entzun nion nik
ni bezalako umetxo bati,
bere etxera bazkaltzen zihoala,
«agur» esaten zidala.
Orduantxe.
Orain ere,
lerrootan
sasoi urrun huraxe
gogoan birbizitzen dudan bitartean,
aurretxoan
eguneroko argi izpiak
eta
gaueroko hilargi hotz zuria
neureganatzen uzten dizkidaten
basatiki erroturiko zimenduzko loretxeek
gogorrak, mutaezinak, usaigabekoak, lehorrak,
gizakiok erahiltzen gaituztenak,
izadiak eskaintzen digun paradisu urtsua
desafianteki izkutatzen digutenak
hauexek
—diodan—
ezin dute
nahiaren zorionez
gogoramenaren freskura berdatua
niregandik aldenerazi.
Orain hogei urte,
ormigoi harmatuzko erraldoirik
sortu aurretik
nire adineko mutiko bati
«agur» esatea entzun nion nik
jadanik ez dagoen belarrez sorturiko eserlekutik
jaikitzen zelarik.
Hau jazo zen
ume koxkorra besterik
ez nintzelarik,
etxera abaitu ala,
eta agurrak
nora eraman behar ninduen
ez nekien garaian
© Kepa Fernandez de Larrinoa