LARRAZKENEAN
Paulo Iztueta , 1979
Desirkunde basatien
begiak errenditu
nahi nituzke,
leher egin arte
errenditu ere,
begiratuz larrazkenak
nola kimatzen dituen
zutzaitzik lerdenenak.
Ihardetsi baino galde
gehiago egiten duen
mihiaren isiltasuna
Artzamendin baino gorago
entzun nahi nuke,
agian Orin hozenkiago.
Etxeko landareak
zeinek zaintzen dituen
jakin nabi nuke
norbera at dabilanean,
zeinek zabalduko didan
atea, urteak erdoitua,
etxeratuko naizenean.
Edo, jadanik berandu da
eta usteldurik duket lilia.
Goiz xintari
galdegin nahi nioke
eguzkia
zenbat aldiz jeiki den
maitasunaren beroa
ezagutu gabe,
anaiok zer nahi dugun
enteratu gabe...
...eta arratsean,
oheratzeko orduan,
zenbat aldiz ezkutatu den
aurpegia ahalgez gorri
mendien sorbalda pean,
zenbat aldiz ito den
ilusioak pott eginda
Kantauri itsas gainean.
Zeinen ezpatak
pikatuko du
presondegietako
burdin hesia?
Zeinen zapiak
xurgatuko du
seme-alabak ebatsi dizkioten
amaren nigarra?
Nongo iturriak
beteko du
gazte ameslarien ontzia?
Nork konponduko du
heriotzaren kaltea?
Heriotzak ez du amarik,
oroitzapen bat besterik!
Esaidazute lagunak
non diren arrazoiak.
Esaidazute lagunak
lurreko nongo erresuman
gordetzen den
gizonen paradisoa
eta zeintzuek daukaten
hango giltza.
Urteak joan,
urteak etorri,
deus ezpada ageri,
larriminez sutan
kixkaliko da
esperantzaren
azken ezpala.
© Paulo Iztueta