Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
BIDE EZKUTUA
(1968)
UDABERRIAK ERAMAN NAHI ZIDAN
(1968)
IHESI DOAZ OROITZAPENAK
(1968)
NI EZ NINTZEN TXORI
(1974)
MALKOAK EURI BALIRA
(1981)
BETOR GUREGANA
(1992)
ITZALAREKIN BATERA JAKIN NUEN
(1992)
ZORIONTSU ORTZE ARROTZAREN PEAN
BIZI IZAN DENA
(1992)
EZ HARROTU
(1992)
NERE IZATEAREN ORDU ILUNENAK MAITE DITUT ORAIN
(1992)
EZAGUTU ZENUEN
(2008)
DENA ESKATU GENION
(2008)
ZUEK, HIRI MAITEOK
(2008)
HIRI TTIPI HARTAKO GELTOKIAN
(Ama trenetik jaitsi zenekoa)
(2008)
HURBILTZEN NAIZ ALDIZKA
(2008)
URTARRILEKO EGUERDI BATEAN
(2008)
HAIN GELDI, HAIN LEUN DOA
(2008)
GAUR, BIHAR ETA ETZI
Xabier Lete , 1968
Goizean goizik
gertatzen diran
zazpi orduen
trixtea,
lehenen hanka bat ateratzen dut
gelditzen zait bestea,
hotz egiten
du.
Jainkoagana
jaso dezagun pentsamendua,
eta jeiki
eta berdin
beti jeiki
beti berdin,
honek ez du arrazoirik
hau Satan-en ordua izan liteke
eta horrela
egun batez
nere burua hilko dut.
Ez du inork
negarrik egingo.
Nik ere ez
zuk ere ez
guk ere ez
hark ere ez
hok ere ez
gaur ere ez,
errez.
Erlojua
prakak orrazia
uraren hotza
bizarlabana
auzoko etxekoandrea
bere senarra
kafesnea
hamaika pezta eta bi erreal
abrigoaren lepoa jaso dezagun
itxi dezagun atea
kalera irten gaitezen
goitik behera
bat, bi
bat, bi
bat, bi
honek zerua dirudi
eta oraindik ez du
egunak
bere argirik zabaldu.
Egunon,
berdin.
Lo egin al da,
pixka bat.
Zuk ere bai.
Bai zerbait.
Eta gero ere berriz hor dagoz
jende zatarrak
jende zikinak,
eta nere heriotzako orduan
kanpaiak ixilik egongo dira,
zer ajola du.
Zu, Miren,
etxe oneko alaba,
senargai pobre guztietatik
Jainkoak
libra zaitzala.
Nahiz eta gure trixtura,
nahiz eta nere trixtura...
Hondarribiko
neskatxa hura
zen Mirentxu,
aingeru bat zirudien,
"maitia nun zira
nik etzaitut ikusten
norat galdu zira".
Jo du ordua.
Sartu gaitezen.
Itxi dezagun atea.
Aizu,
zu,
tokia baduzu.
Zeren ta
arpegi ilunak
jende traketsak
jende zatarrak
jende zikinak,
anaiak,
nere anai maiteak,
entzun zazue
gorroto zaituen
gizonaren
hitza:
EZ!
Goikoei, ez
erdikoei, ez
behekoei, ez
ezkerrekoei, ez
eskubikoei, ez
sinisdunei, ez
sinisgabeei, ez.
Non dituzue bada
begiak
edo zertarako dituzue
edo ta nolaz
itxi zenituzten
hain gogor.
Hor dago erreka,
paper zikinak,
basura poteak
zakur goseak
periodiku saltzailea
guardi munizipala
sua eta kea
usain zikina
laino ustela
eta kaletik pasa diren
hamaika
gizon
eskas horiek,
ilun eta beltz,
maleta zaharra,
kaja sokaz lotua
trenaren hotsa
haizea hotza
dar-dar bihotza
kazkazka hortzak
sonbrero patria
polaina beltzak
eta hamasei eguneko gosea,
eta zu
eta gu,
goikoak behekoak erdikoak
eskubikoak ezkerrekoak
sinisdunak sinisgabeak
hor,
haiei barrez,
eta gero
legea
justizia
karidadea
zeinen hitz ederrak diren
goizean goizik
ezkerreko hanka
ohetik
ateratzen dugunean.
Goizean goizik
gertatzen diren
zazpi
orduen trixtea!
© Xabier Lete