Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
GAUR, BIHAR ETA ETZI
(1968)
BIDE EZKUTUA
(1968)
UDABERRIAK ERAMAN NAHI ZIDAN
(1968)
IHESI DOAZ OROITZAPENAK
(1968)
NI EZ NINTZEN TXORI
(1974)
MALKOAK EURI BALIRA
(1981)
BETOR GUREGANA
(1992)
ITZALAREKIN BATERA JAKIN NUEN
(1992)
ZORIONTSU ORTZE ARROTZAREN PEAN
BIZI IZAN DENA
(1992)
EZ HARROTU
(1992)
NERE IZATEAREN ORDU ILUNENAK MAITE DITUT ORAIN
(1992)
EZAGUTU ZENUEN
(2008)
DENA ESKATU GENION
(2008)
ZUEK, HIRI MAITEOK
(2008)
HIRI TTIPI HARTAKO GELTOKIAN
(Ama trenetik jaitsi zenekoa)
(2008)
HURBILTZEN NAIZ ALDIZKA
(2008)
HAIN GELDI, HAIN LEUN DOA
(2008)
URTARRILEKO EGUERDI BATEAN
Xabier Lete , 2008
Urtarrileko eguerdi batean igo nintzen
gailurrean datzan hilerri isilera,
galdutakoei erreoparia eskaini nahi izan nien
baina hain nengoen eskuhuts
hain umezurtz, hain herabe
ez bainuen adorerik izan argizari bat pizteko ere...
atsekabearen ordu besteratuak ziren
kulpa eta oinazea intzirioka direnetakoa
gertakizunari zentzuzko hitz bat eman nahi diogunean,
baina ezin, hain ezinesana izaki heriotza...
orduan ibarrean eliz kanpaiek jo zuten ordua
eta begira jarri nintzen poetaren lurraldeari,
zer naiz ni, oihukatu nuen barneruntz,
haren hitz eder errukitsuetan antzaldatua
gizatasunean bermatua izan dena baizik,
ez gaude bakarrik, eresiek, poemek laguntzen gaituzte
eta bizitzaren muinean oinazea antzeman zutenek,
haiekin nengoke, haiengan naiz
joan zirenekiko azken enkontrua arte...
eta negar egin nahi izan nuen
hautsi, hustu landa babesgarri haietara,
ederresten nuen arbasoen aberrian ahuspeztu,
aitortu, amore eman, apaldu, senidetu,
norbaitek irakatsia zidalako
gizagotzen gaituzten amodioen hiztegia.
© Xabier Lete