A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SEX-40
|
5-SEXKUPEKOA Paddy Rekalde , 2000
Limoi koloreko ilargi ezin erraldoiago batek beilegiz tindatzen du den-dena gure gela honetan. Leihoa zabal-zabalik, eta giroan mahasti lerro amaigabeak orrazten dituen haize leuna.
Dena ixilik. Eta Kereixa, ile gorriluna sorbaldetan isuria, hurreratu, nire gainean egokitu eta galapan hasten da astiro, inolako presarik gabe. Leihoan, voyeur baten moduan, limoi koloreko ilargi erraldoia.
Kereixaren adatsak gora eta behera doaz, olatuen moduan... bularrak, berriz, astunago. Erlojuaren taupadak —klock— gelditu egiten dira, bihotzenak, aldiz, agudoago... lasterka. Azala bustia da jadanik, eta merkurioaren distira gorantza abiatzen da. Kereixaren ezpain atzetik plazerra orroka... kandela itzalien argizaria urtuz doala. Izerdi tantak, gero eta potoloagoak, Kereixaren sudurretik ene sabelera... kontrola galtzen ari naiz... galdu nahi dut bere uztarri epelean. Merkurioak birrindu egiten du kristalezko hoditxoa eta entxufeetan, argazki-makinen flashak bezala, kortozirkuitoek isiltasuna hausten dute eztanda txikiez. Kontrola erabat galduta. Ederto. Dena da ikara... dena dago dardarka, izerdia litroka azalean... izaretan... marea gora ohe azpian. Oheko hankak —krask— bata —krask— bestearen —krask— atzetik kraskatu egiten dira —krask—. Flashak eta orroak, eta ilargia begira, eta Kereixa, ostia, Kereixa galapan film zahar haietako West Fargo hura bezain azkar... Lanparako bonbilak lehertu egiten dira... eta mesanotxekoa... eta flexokoa... eta ohea txalupa bilakatu eta noraezean dabil gelan zehar, arribatzeko porturik gabe... Eztandak, ikara... 5.000 watioko orro batek birrindu egiten du beste guztia sei-zazpi segundotan... 5.000 watioko orro bat, eztarria urratzeko modukoa... eta honen ostean... Kereixaren irribarrea.
(Auzokideak kolpeka ari dira hormetan)
© Paddy Rekalde |
|