A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
TRAPU ZAHARRAK
|
ISTORIO TXIKI BAT Iban Izagirre , 2008
Neguko arratsalde euritsu batean ume txoro batzuk aterpe bila abandonatutako etxe batean sartu ziren.
Orduantxe piztua zen hauen arimetan gauza txar guztiak probatzeko sua.
Izatez ez ziren gaiztoak gaizkile itxurako mini alproja haiek, eguna espaloiaren bide zuzena jarraitu ezinda igarotzen bazuten ere.
Eskorbutoren zintak entzuten, arratsaldeak bete amona zaharren aztoramendurako paretak margotuz.
Altzari artean babesten ziren, sofa multzoen gainean kanuto susterrak errematatzen, manta zorritsuetan etzanda, euren amek begien aurrean ikusi nahiko ez luketen etxea defendatuz.
Norbere etxeko epelkeriak saihesteko mundu propio bat eratuz joan ziren umetasunaren fantasien indarrez geldiezinak ziren ametsari gogor helduz. Kontu eske etortzen zen autoritate oro zirikatzen batzutan halabeharrez, normalean ez egitekoren bat egin ondoren.
Kandela eta bokila artean eraiki zuten arratoi zuloa eta denborak galoirik eman ez bazien ere bidea egin zuten etxe zaharretako pasillo, armairu eta ganbaretan barna.
Gau epeletan teilatuan solasean, aipatuz, zeinekin joango ziren bazter ilunera, gauetan logelan bakarrik zeudenean irudikatutako eszenatokira.
Nahi gabe denborak eraldatuko zituen laguntasun haiek zerua zulatzen duten izarren azpian agertu ziren gau eroetan sakabanatu ziren bakoitzak zakar artean aurkitutako bere bidezidorra hartuz.
Eta agian norbait gogoratuko da, azken finean, ongi pentsatuta, kalean zeuden atso zaharrei eta aspermenak jotako erretiratuei laguntzen zietela, arratsalde lehor haiek pixka bat bustitzen.
Besterik gabe, ez ahaztu, kate pusketa bat ez bazen ihes egin zuen harri koskorra, beti suertatzen zen zerbait ibai zikin, etxe huts haren ertzean.
© Iban Izagirre |
|