A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ITSUA ETA SASTREA
|
ARTZAINTSA MENDIAN Piarres Ibarrart , XIX. mendea
Zelaietarik ikusten duzu gure etxea mendian eta gorago etxola hura arroka baten aldian mendi kaskoan, andre gazte bat artaldearen erdian ni nago hemen ardien zaintzen nere kilua gerrian egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanian.
Goizetan utziz egun guziko aitamen begitartea argi hastean idekitzen dut etxola haren atea alarazteko mendi gainean ene artalde maitea han iraganik, bake gozoan, argitik ilun artea bozik daramat etxerakoan kaikua esnez betea.
Herriko ene gazte lagunak nitaz dira urrikaltzen heien josteta zoroetalat ez naizelakotz hurbiltzen... bainan gaixoek erran bezate zer zorion dutan galtzen! Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen eta menditik ez ote dut nik gauza ederrik ikusten?
Argi-hastean histu orduko artizarraren argia nik ikusten dut iguzkiaren agertze miragarria bainan oraino ilun dagozi zelaiak eta herria ohean dago ezin atzarriz hiritar gazte nagia nola ezagut dezake handik hemengo neure loria?
Eliza dorre goren hura dut oroz gainetik ikusten eta ezkilak errepikatuz herria du inarrosten bi aldetako mendi auzoek oihartzunka ihardesten haur denboratik huna baititut toki berean aditzen zorion hunen iraupena dut Jainko Jaunari galdatzen.
Ordu berean hedatzen ditut itsasalderat begiak eta ikusten arraintzariek dituzten untzi ttipiak iduri dute pentze gainetan dabiltzan altxaliliak halaber dira ur axalean hekien bela xuriak... othoitzez nago suntsi ez ditzan itsaso lotsagarriak!
Ez badut ere aditzen ahal hiriko kantu ederrik entzuten ditut bas-ihiziak alderdi guzietarik: kukuak kuku pago gainetik, eperrak kantu beretik xori ttipiek arboletarik, xoxoek sasi barnetik heien titxoak etortzen zaizkit bihotzera bihotzetik.
Haitz eder baten azpira noa otruntzaren egiteko uda liliez beztitua den soropila dut jartzeko ardi bildotsak eta Xuriko aldean ditut lekuko ama maiteak emanik badut behar dutana jateko erasiaka dohan xirripan ur garbia edateko.
Arratsaldean begira nago xoratua kanpoeri nola egin den denbora gutiz zeru berri bat iduri: pentze, mahasti, baratze, herri, etxalde eta jauregi zenbait lapurtar nun izan diren hor dira obrak ageri heia dutenetz amerikatik urrea nasai ekarri!
Bertsu haukien aditzaleak nahi luke orai jakin artzaintsa hori bere mendian egon behar den mutxurdin. Bai egonen naiz, ez ezkontzekotz hitzeman dautanarekin bainan maitea Amerikatik jinen baita zerbaitekin bi menditarrek nahiago dugu hitzari ohore egin!
© Piarres Ibarrart |
|