A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

AMAITUKO DA ZIGORRA
      (2002)

ANIMALIA
      (2002)

ESKOLARA BEZALA
      (2002)

  literaturaren zubitegia  

 

ZUGANA NENTORREN ARRAPALADAN

        Ander Iturriotz , 2002

 

 

                                                                                       (Koadro bakarra.

                                                                                       Gizon bat, betzulo handiak dituela,

                                                                                       hiru ispilu erraldoiren erdian).

 

Zugana nentorren arrapaladan, belarrez eta mendafinez ahoa garbiturik. Zalantzatsu nentorren zugana, lorategi beldurgarri batean goroldioa zapaldurik.

Arrosa basatiak nekartzan esku ahurretan. Odoletan arantzak, odoletan zalantzak, odoletan begiak zure burdinaren gorian atxikiak. Musua nekarren, zuretzat, haragi bizi, pozoi garratza nekarren ezpainetan, inorentzat ezin isuri.

Baina zu, lepo lerden, etengabe jaisten zinen eskailera ilun batean behera. Baina zu, lepo lerden, karrika batean desagertzen zinen, hondotik hondora, batere bihotz zimikorik gabe.

Gogoan ditut oinetako gorriak, eskuan. Gogoan, soineko arina gorputz haragitsua tolesten. Gogoan, zure ile askea bizkarrera ura bezala erortzen.

Zugana nentorren arrapaladan, ezpainak margoztu berri. Zalantzatsu nentorren arrapaladan, aho sabaiko harria hautsirik zure izenaren oihartzunarekin.

Baina zure urrezko lerroa, lepo lerden, beste nonbait galtzen zen, eskailera batean behera, kale ilun batean barrena, iritsi ezina zitzaidan ispiluan, baretzen ez zen aintzira baten islan.

Denbora jeloskorrak bereizten al gintuen? Ez baitu baimenik ematen, denborak, berea bakarrik den iragana orainera erakartzeko. Oraina irensten baitu, denborak, etorkizun itxaropentsua doan oparitzeko.

Espazioak bereizten al gintuen maitasunik gabeko mundu estanko batean?

Krudelagoa al zen, agian, gu biok bereizten gintuena? Zu al zinen nire ametsa? Ni al naiz, oraindik, zurea?

 

© Ander Iturriotz    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko