ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ZUGANA NENTORREN ARRAPALADAN
      (2002)

AMAITUKO DA ZIGORRA
      (2002)

ANIMALIA
      (2002)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

ESKOLARA BEZALA

        Ander Iturriotz , 2002

 

 

Infinitura begira goaz elkarrekin, eskutik hartuta goaz, atzera itzuli ezinik.

Zipres mugiezin lerro bik egiten dute bidea hilerri txikiaren horma txurietarantz. Muino batean goratua, jauregia dirudi hilerriak. Eskola dirudi, esne-zopak gosaltzen ari den haurrarentzat, basoko etxola dirudi ipuin mitologikoetan. Hain dago garbi, hain dago bare, hain dago apain, ezin ekidin baitaiteke dekoratu beldurgarri baten irudia.

Non dira ikusleak, baina? Norentzat ari gara burutzen gure antzezpena?

Hodeiertzean, oskorri osoa brodatzen du eguzkiak, mapa harrigarri bat erakusten du, mendirik eta errekarik ez duen lurralde batean, oinaren ahalegina eragozten duen fisika batean.

Urreztatu da hautsa, urreztatu dira denboraren hariak, agertu da kuprezko egitura kartoiaren atzean.

Ekarri ditu haizeak tronpeta anakronikok, ekarri ditu urrutiko oihartzunak: trumoia, uraren orroa, ezkilak. Ekarri ditu haizeak iragana eta etorkizunik ez duen oraina.

Ezarian hasi da euria. Ezarian has¡ da lainoa zure irudiarekin jolasten. Hustu dizkizu begiak, zurbildu zaizkizu masailak. Hartu du zure ahoak ardoaren kolorea, jantzi du odolik eztiena.

Musu eman didazu bekokian eta mugan geratu tara, leihoan, etxe atarian, erreka gurutzatzen duen zubiaren oinean.

Joan naiz, zoriontsu, zure eskuaren forma gorderik nirean. Eskolara joaten nintzenean bezala. Zure ipuinaren magian basoko etxolarekin amets egiten nuenean bezala, zure eskuaren forma gorderik nirean.

 

© Ander Iturriotz    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa