
Egile berarenak: EGUTEGI BERRIA (2012)
EZ DAKIT (2012)
MAITE DUENAK (2012)
|
|

ITZALAZ
Jose Inazio Lasa , 2012
1 Dena galdurik ikusten dut, abandonua eta kondena inpertsonalak dira zoru mugagabearen zulo hondogabean. Lotsaturik nago eraikitako etorkizunez eta halen ondorengo ezerezaz eta agindu zidatenagatik alde batera utzitakoaz eta gure amaikortasunak eragindako zeru-egarriaz.
2 Orain, gizakiaz harago begiratzen dut kontzientziarik gabeko botereaz harago, datorren heriotzaren aurrean barregarri, heriotza baita benetako infinitua, eta, haraindian zehar, galera ikusezina. Eta gizakiaren buruak krudelkeria eransten dio, heriotza herio-zigor bihurtzen du, ez ditu ahalmenak gozamenean urtzen, besteren zortearen aurrean begirada saihesten du, larriminaren iturriak sortzen ditu etengabe, ihes egiten dio arretari eta gero absolutua nahi du, hilezina, abstrakzioa.
3 Hala erortzen dira konponketak; lur hotzak bakardade usaina du, egitea eta esatea infartuz jota daude, arimaren hotza bilduko duen burusirik gabe. Hala suntsitzen dira eskuratu ditugun munduak; begirada eta begiratzea begiralekuaren eskaileran bat eginik esku-bandarik eta sabairik gabe, arimaren misterioa aterako duen tramankulurik gabe. Hala egiten dute bidea sineskizunek, arnasa geldituta, eraginkortasuna eta zorroztasuna hondoraturik pozik gabeko kontaketan, adorerik eta gidarik gabe.
© Jose Inazio Lasa
|
|