A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
AMA EUSKEREARI AZKEN AGURRAK
|
HERIOTZEA Felipe Arrese Beitia , 1894
Ikusiten dot nik, eguzkitan nabilanean Neugaz batera doiala neure kerizea Nondik igaro egin dan, baina, keriza hori Ez da gertatu markarik inoz ikustea.
Tximiniatik ikusi ohi dot boladan keia Zelan lenengo indar handiz dan urteten Baina puska bat igo orduko ezer ezera Edo hutsera dala guztia bihurtuten.
Kandelatxo bat bere dakust nik ixiotzean Eta arnasa batek zelan jo, behingo batean Gela bat zabal izanagaitik argituten Kandela itsu eta gelea ilun jarten.
Eta, azkenez, ontzia dakust uren gainetik Iragotean zelan arraia daben isten Baita, bertatik, urak leunduta arraia ori Ezertxo izan ez balitz legez geldituten.
Modu berean edo antzera ez da gertatzen Gure biziak ontzi bat legez ez dirudi? Hil zan askoren markarik hemen luzarorako Non ikusten da? Non bilatuten? Non agiri?
Zer jazoten da gorputzak daukan ahal izateaz? Hilten danean osoro ez da akabetan? Kandelatxo bat haixe puskatek jotean legez Gatx txiki batek ez dau guztia amatetan?
Bestelan zer da nire Anjelaz gertatu dana? Bere oinatzak ez doaz desagertutera? Ke moltsotxo bat desegin ohi dan legetxe bardin Ezer ezean ez doa dana geratzera?
Nire emazte izan zanagaz, badakit ondo, Ia ez dala gaur batxo bere gomutetan Kerizearen antzera bardin, bere izatea Lur honetatik irago eta bai! ahaztu zan!
Ni neu bakarrik zuzenduten naz bere hobira Neuri bakarrik, gogotik etxat aldenduten Nik neuk errezau eginagaitik bere alboan Ai! harek baina, berbarik ez deust erantzuten.
Zer da gaur berak harturik daukan ixiltasuna? Zergaitik ez dau mizti bat bere bada egiten? Zergaitik dago ipini eben lekuan geldi, Ohetik zana goiz guztietan lehen jagiten?
Ze sentimentu ete dau orain hartu nigaitik? Zergaitik nire berbai ez deutse jaramoten? Inoz tristerik, eta muturik nengoanean Berba eustanak nahi eta nahi ez eragiten?
Zelako loa ete da bera hartu dabena? Ia hainbeste hilabetetan irauteko? Bederatzi ta egunak bere irago arren Esnatuteko seinale baga jarraitzeko?
O! ze gogor ta ze otso-bihotz, Heriotzea!, Hazan, jarteko horrelan nire emaztea Zergaitik eutsan hik horri haren goixetik kendu Niretzat falta egiten eutsan bizitzea?
Higaitik jagok taiu tristera gaur etorrita Higaitik mamin guztiak ia usteldurik Hazurrok bere denporaz ihar jarriko dozak Gero haustuta lurragaz danak bat eginik.
Agura zital, harriak baino harriagoa! Abelegandik asi hintzana gerragintzan; Noz aspertuta, gogait eginik itxiko deutsak Heu noz hilgo haz, hil baga bizi gu gaitezan?
A! bajakiat, hi ez hazala sekula hilgo Inor bizirik munduan badok aurkietan Arboletatik orriak behera datozan legez Zelan jausiko garean hire sareetan.
Danok guztiok behar juagu, txiki ta handi Aita Santua nahiz Erregea izan arren Nahiz jakituna, zein ezjakina, eder ta ezain Hire atzamar zorrotzetara danok hemen.
Ez dago hemen, danoentzako, bide bat baino Ez da izan ta besterik bere ez izango Asmo barriak atera arren gizonak asko Hiltetik zelan libran ez dabe aterako.
Asmau begie ibilitea urea barrutik Asmau begie zelan ibili ia aidean Baina ez dabe inoz asmauko zelan bizia Gorde eragin gura dan arte gorputzean.
Jaiotea da hutsik nahikoa, eta guraina Heriotzeak euki dagian laster nor hil Zuzi sutuak nahi badau beti argitan bizi Itsu zoro ta buru bagea legez dabil.
Mendietako errekatxorik ez da gelditzen Itsasoaren kolkoan sartu arteraino Jaiorik bere ez da gelditu, ez geldituko Lurrera jausi egin bagarik egundaino.
Harriak beheruntz egiten dabe garaietatik Lurrunak doaz sakonetatik zerurantza Eta gizona sortuagaz bat abietan da Nahi eta nahi ez, bere azken ta amairantza.
Heriotzea! Heriotzea! Danen azkena Heriotzeak irunsten gaitu danak bardin Errazago da lehoetzar bat birrindutea Heriotzatik librau baino, ta ihes egin.
© Felipe Arrese Beitia |
|