A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
NIRE ANAIOK, IV
|
LARRAZKENEAN Paulo Iztueta , 1979
Desirkunde basatien begiak errenditu nahi nituzke, leher egin arte errenditu ere, begiratuz larrazkenak nola kimatzen dituen zutzaitzik lerdenenak.
Ihardetsi baino galde gehiago egiten duen mihiaren isiltasuna Artzamendin baino gorago entzun nahi nuke, agian Orin hozenkiago.
Etxeko landareak zeinek zaintzen dituen jakin nabi nuke norbera at dabilanean, zeinek zabalduko didan atea, urteak erdoitua, etxeratuko naizenean. Edo, jadanik berandu da eta usteldurik duket lilia.
Goiz xintari galdegin nahi nioke eguzkia zenbat aldiz jeiki den maitasunaren beroa ezagutu gabe, anaiok zer nahi dugun enteratu gabe... ...eta arratsean, oheratzeko orduan, zenbat aldiz ezkutatu den aurpegia ahalgez gorri mendien sorbalda pean, zenbat aldiz ito den ilusioak pott eginda Kantauri itsas gainean.
Zeinen ezpatak pikatuko du presondegietako burdin hesia? Zeinen zapiak xurgatuko du seme-alabak ebatsi dizkioten amaren nigarra? Nongo iturriak beteko du gazte ameslarien ontzia? Nork konponduko du heriotzaren kaltea?
Heriotzak ez du amarik, oroitzapen bat besterik!
Esaidazute lagunak non diren arrazoiak. Esaidazute lagunak lurreko nongo erresuman gordetzen den gizonen paradisoa eta zeintzuek daukaten hango giltza.
Urteak joan, urteak etorri, deus ezpada ageri, larriminez sutan kixkaliko da esperantzaren azken ezpala.
© Paulo Iztueta |
|