A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ITXAROPENA
|
ZAILLA DA GIZON IZATEA Martin Iturbe , 1973
Zailla zaigu, lurrean bizi garenoi, «gizon» izatea; zailla bait-da beti zutika, goruntz begiraka irautea. Zailla da aize-erasoen zigorpera makurtu gabe, eguzki-argiari begi zabalez begiratzea. zailla, bai, «gizon» izatea;
zailla da, oraingo illunpea gerokoaren itxaropenean tinkatuta biziaz, suz piztutako zuzia maitasun-argiz urtu dedineraino orduoro bizirik gordetzea.
Zailla, bai, guztiz zailla, malko-lorez zipriztindutako lorategia itxaropen-lorezko zugaitz biurtzea. Nork dezake, nork, biotz naigabetu illunetik argi-abesti pozgarria mingaineratu? Nork biotzean esitu ler-zori eriotzkorra, IZEN AUNDIA itz zakarrez biraotu gabe? Nork, malkoz gaiņezkatutako edontzi garratza irentsi bakarrean xurgatu? Zailla, bein berriro, buztinki onek maiteder-arantz lilluragarrietatik ongiaren lore apaiņa sortu dezan... Zazpi griņaen zaldi txarrak saltalari bait-ditugu odolean, lizunkeri eta kutizien esnagarri, okerraren eta gezurraren zigorrez eztenkatuak.
Zailla da «gizon» izatea. zailla da... Eta «gizon» izan behar!!! Beharrezko, —biotza zatikatu arren— barne zizkuak ongi miatzea, okerraren lokatza izpiz izpi baztertzeko, illunpez kutsatu gabe argitik argira jo ahal dezagun; argiaren agintea illunpeari nagusitu daikion. Zailla da «gizon» izatea... Beharrezko «gizon» izatea... Ederra «gizon» izatea... Okerrezko aizez gurutzetutako gogo-arnasak beza osasun nai edo ez-ko gurutze ortan, gurutze eroslean... Egunero «GIZON» izan beharrak dakarren gurutzean.
© Martin Iturbe |
|