ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ETXE GATZATUAN
      (2017)

LEHEN ATUNAREN BIHOTZA
      (2017)

MUNDU PARALELOAK
      (2017)

TERNUA NIRE BARRUAN,
BADATOR NEGU LUZEENA

      (2017)

ISOLAMENDUAREN ZAPORETIK
      (2017)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

BERRIRO ESNATZERAKOAN

        Martxel Mariskal , 2017

 

 

Tai-txia parkean

belaontziak badian

nire bularrean taupaka mendia.

«Denbora gehiegi zu ikusi gabe»

diost baina ni mutu.

«Non izan zara hain luzaroan?»

galdezka baina ni ixo.

«Ardiak ahuntzak ahariak

behiak pottokak gizakiak

animalia bera eta

bakarra zarete denak»

esanez utzi nau

jarrai dezadan nire paseoa.

 

Alai eta oparo jaisten da ura

ehunka bidexka ezberdinetatik.

Begi idorrak ikusten ditut

etxe-orratzen itzaletan.

Botereak ez gaitu maite

eta guk ez dakigu

zer egin daitekeen askatasunarekin.

Mendi gailurretan ez dago epaiketarik.

 

Bihotzaren oinak beratzen jarriak ditut.

Orekaren irrikaz elikatzen nauten

barne-isurietan talka egiten dute

nire buruaren bi aldeek.

Askok amesten dute dirutan itotzea

baina ezinbestekoa dut nik

mendiko ur hotzak dakarzkidan

elurraren oroitzapenetatik edatea.

 

Tai-txia parkean

belaontziak badian

kale-zainak gogaituta daude

absentziak garraiatzeaz.

Erakunde abstraktua da Polizia

baina aginduak ukitu egin litezke

eskulturak bailiran

zerrautsez estalitako labirintoan.

Lau hankan dabilkigu

zuzenbidearen okerkeria

xake taula moztailea den hirian.

 

Bada leuntasunik gabeko

sagarrondo zoragarri bat

usaintzen dudan bakoitzean

besarkatzen dudan aldiro

zatika erortzen zait azala

bihotzaren berritzean.

Jolasean haurrek lurretik

jasotzen dituzten

nire geruzaren papurrak

kolore guztietako

goxoki bilgarri bihurtuak.

 

Azkazalak mukiak ilusioak jaten ditu trafikoak.

Beltza da semaforoaren kolore bakarra.

Lagunartekoen umiliazio arrunt tristeak eta traizioak

baratxuri zopatan bustitzen dugun eguneroko ogian

parkeko ahate eta zisneak burua makurtzen ari direla

eta maitaleak elkarri berotasun bustia laztantzen

eta irakurle bakartiak unibertso berriak dastatzen

poemak komikiak eleberriak epitafioak elegiak.

 

«Denbora gehiegi zu ikusi gabe».

«Non izan zara hain luzaroan?».

Nire bularrean taupaka mendia.

 

LED argien kliskak

beste hilketa bat agintzen du

giza sakrifizioa ez da

antzinako kulturen ohitura soilik.

 

Kafetegiko terrazan betiko manikiek

ispilu erraldoia osatzen dute

ezpainek kafea ukitu orduko.

Ezin norberari buruz baino hitz egin

arima bakoitzak bilatzen du bere geriza.

Eguzkiari eskainiz masailak sorbaldak debozioa

zimurtzen ari da artifizialki tenkatutako haragia.

Eraikuntza honek gure hezurdura du euskarri.

Portaera konpultsiboak eta bordatu zuriak

elizkizunak bihurtu ditugu mundutasunaren zapi.

 

Azken ufada epelarekin egiten du amets

bakarrik bizi nahi duen hego haizeak.

Espaloian belagileei mentalki tiroka

bularrean mendia taupaka.

Ardiak ahuntzak ahariak

behiak pottokak gizakiak

animalia bera eta bakarra.

 

Alai eta oparo dator ura.

Non izan ote naiz hain luzaroan?

Tai-txia praktikatzen

belaontziak badian.

 

 

© Martxel Mariskal    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa