A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ETXE GATZATUAN
|
LEHEN ATUNAREN BIHOTZA Martxel Mariskal , 2017
Urtero, lehen marean atze,amdako lehen atuna abanaz zakatzen erdigunetik beherantz irekiko zuen, segidan bere marinel esku zakar-sendoak, abilak bezain zintzoak, ebakiduran sartu urte oso batez espero isilean mantendutako irrikaz —tiraldi ziurraz baliatuz— arrainari piramide itxurako bihotz leuna erraietatik ateratzearren, eta ondoren, eskifaiaren poztasunaren eta konplizitatezko begiradaren aurrean, hantxe, kubiertan bertan, zaka-zaka gordinik jan.
Erritua. Erritua. Erritua.
Gerlaria bailitzan, garaitua izan denaren muinaz jabetzearekin batera, aurkariaren —itsaso zabaleko gainontzeko atunen— arimaren, izatasun menderakaitzaren makaltzea bilatzen. Bai, zinez zantzu ona hasi berria den arrantzu-aldirako, hasi berria den urteroko borroka gogorrerako. Nor da hemen indartsuena? Nor da hemen nagusia? Dagoeneko marinel-gerlariaren hortzetan, ahoan, hesteetan, zainetan, odolean, ikur eta mezu bihurtu da atun-bihotza.
Itsasgizonen artean badira hainbat egite eta uste lehorreko gizaki zibilizatuak sekula ere ulertuko ez dituenak, are gutxiago bere barne-mamian bizituko; eta berak asabengandik jasotakoa urtero zintzoki bete baino ezin, txotxua zeneko garai urruna ezkero.
Lehen atunaren azken bihotz apurrak ardoaren laguntzaz eztarritik behera bultza, txopan bakarrik jarri, eta itsasoaren erdian errezo isila eskainiko zion Guadalupeko Amari. Gero, tristura misteriotsu moduko batean bildutako solemnitatean, ezinbestean errespetatu beharreko bakardadean, itsasoari, haizeari, bere buruari, inori —askatasun-gudu-bake-barkamen himnoak balira bezala— bata bestearen atzetik rantxerak ozen kantatu.
Erritua. Erritua. Erritua.
Lehen atunaren bihotza irentsi! Lehen atunaren bihotza gordinik jan!
© Martxel Mariskal |
|